Ikurren Tourra

Euskal Herriko zenbait eragilek eta gobernuetako batek egin zuten deialdia, Tourra geurean zela aprobetxatuz, munduari hemen Herri bat badela erakusteko. Zer hobe horretarako, geure ikurra erabiltzea baino.

Tour de France - Salida desde País Vasco 2023

Gogoz batu gatzaizkio aldarriari, eta errepide bazterrak bete ditugu ikurrinez, eta Nafarroako banderaz.

Poztu gaitu herritarrak azken hau ere gogoz haizatzen ikusteak. Memoria ariketa sakonagoa adierazten baitu. Eta Herri bat, ezer bada, memoria partekatua da. Eta ikurrak, memoriaren lekuko.

Bi ikur ditugu herri menperatu honetan. Ikurrina, azken mendeko borroka eta askatasun nahiz batasun egarriaren testigu; zatiketa administratiboen gaindi, herriak bere egina. Nafarra, berriz, instituzionala, euskaldunok bat eta independente izan ginen mendeetako garaiaren erreferentzia da; makina bat defentsa borrokaren lekuko, hau ere.

Herri honen misteriorik handiena irautea bada, ez ditugu alferrik galdu hainbeste borroka; baina ez ordea, beraien memoria. Ikurrinan zein bandera nafarrean identifikatzen ditugun memoriak, alegia. Menperatuak izan garelako memoriari eusten diogun bitartean, iraun egingo dugu; batasunaren eta askatasunaren alde egiteko grinari eutsiko diogu.

Egunotan oihalak astindu dituzuen herritarrei, zorionak. Gure Herri memoria, gure bat izatea, gure burujabetza nahia agendara ekartzeagatik. Iragana ezagutuz, oraina ulertu eta aurrera goaz.

Iturria: Berria

Antzeko argitalpenak