Esku pilota XXI. mendean

Buruz buruko estreinako txapela irabazi zuen Aitor Elordik ekaikan 4an, Bilbon, merezimendu osoz garaitu baitzuen Jokin Altuna. Goi mailako urtea osatu zuen mallabitarrak: hirugarren izan zen lau eta erdikoan, txapeldun binaka, eta buruz buru ere onena izan da.

Azken orduan deitu zioten txapelketa jokatzeko, eta txapeldun egin du. Hitzez azal ezin daitekeen balentria lortu du Aitor Elordik, buruz buruko txapeldun izan baita, Jokin Altuna 22 eta 18 garaituta, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Duela urtebete, jaialdiko hirugarren partidak jokatzera ohitua zegoen, eta hanka eta erdi etxean zuela ere sentitu zuen mallabitarrak. Ordea, burua makurtu eta etsi beharrean, prestakuntza aldatu, burua jaso, eta behetik gora egin du nabarmen Aspeko pilotariak. Besteak beste, lehenbizi, hirugarren postuan amaitu zuen lau eta erdikoa; gero, txapeldun izan zen binaka, Jose Javier Zabaleta lagun zuela; eta, orain, txapel handietan handiena jantzi du: merezita, gainera. Lehiaketa osoan bezala, nortasunez eta bizi-bizi aritu da, eta, markagailuan atzetik izan arren, ez du sekula etsi. 14na berdindu du lehia lehenengoz, eta azken txanpan askoz hobeto egin ditu gauzak. Hortaz, estreinako txapela merezimendu osoz jantzi du, Juan Martinez de Irujoren eskutik. «Oraindik ezin dut sinetsi zer egin dudan. Lasai jokatu dut, aparteko presiorik gabe, eta hori funtsezkoa izan da. Normalean berak egiten duena nik egin dut. Erabaki oker batzuk hartu ditut, dejadekin batez ere, baina burutsu aritu naiz. Poz-pozik nago», adierazi du Elordik.

Hasiera zinez gogorra izan du finalak. Biziak izan dira lehen tantoak: intentsitate eta erritmo handikoak. Elkarri sakea hautsi ezinda aritu dira bi pilotariak, eta, halakoetan ohikoa den bezala, Altuna III.a eraginkorragoa izan da. Horri esker, 7-3 aurretik jarri da amezketarra. Nabari zen Elordi nekeak erasanda zegoela, eta presaka antzean jokatu ditu tanto batzuk. Dena den, aulkitik lan ona egin dio osabak, patxada eskatu baitio, eta partidan sartzea lortu dute bizkaitarrek. Bada, 8-6koa izan da finaleko tantorik onena. 32 pilotakadaren ondoren, ongi amaitu du tantoa Altuna III.ak, baina ikusi beharra zegoen fisikoki nola itzuliko ote ziren kantxara bi pilotariak. Arlo horretan ere ongi erantzun dute, eta lehengo lepotik izan du burua finalak. Elordik lehia berdintzeko aukerak izan ditu, baina ez ditu baliatu, eta amezketarra aurretik heldu da lehen atsedenaldi luzera: 12-8.

Lau tantoren aldea nork zuen aintzat hartuta, gehienek ez zuten askorik emango Elordiren alde, baina ikusten zen arriskua bazuela partidak. Batez ere, bizkaitarra ondo sentitzen zelako. Eta suziri baten moduan itzuli da kantxara atsedenalditik. Ezker airez eginiko bi tantori eta dejada bati esker, berriz ere tanto bakarrera jarri da (12-11), eta bistakoa zen finalak ez zuela emoziorik faltako. Beste apur batean eutsi dio aldeari Altuna III.ak, baina ez luzerako. Hamalaunakoa izan da berdinketa, eta hortik aurrera gehiago jokatu du Elordik. Ausartago jokatuta, erabaki hobeak hartu ditu; bi aldiz pentsatu gabe egin du aurrera tantoa bukatzeko asmoz, eta asmatu du. «Osabarekin hitz eginda, ikusten genuen beste erritmo bat eman behar geniola finalari, eta horretan saiatu naiz. Bera lotuta zegoela ikusita, ezker airez pilota azkar zabaleratzea izan dut helburu, eta tanto dezente amaitu ditut horrela».

 

Irabazteko beldurrik ez

Ausardiari esker, 14-18 aurretik joan da Elordi bigarren atsedenaldi luzera. Esku-eskura zuen txapela, baina ikusi beharra zegoen irabazteko beldurrik pizten ote zitzaion. Besteak beste, gogoan izango baitzuen final-laurdenetako ligaxkan Eibarren gertatu zitzaiona. Orduko hartan, 15-18 aurretik zen Elordi Altuna III.aren kontra, eta galdu egin zuen azkenean. Gaur ez da halakorik gertatu. Irabazi edo galdu, berdin-berdin jokatzen jarraitu du txapeldunak. Esanguratsua izan da azken txanpan egin dituen jokaldi batzuk: dejadak egin ditu, eta sake bat zabalera ere egin du. 16-21 aurretik izan da, eta bi tanto egin ditu tarte horretan Altuna III.ak. Ordea, hanka sartzerik handiena unerik txarrenean egin du amezketarrak. Sakez falta egin du, eta pozik altxatu ditu bi eskuak Elordik.

Buruz buruko txapela lortuta, Mallabiko aurrelariak aho zabalik utzi ditu pilotazale guztiak. Zabaleta eta Rezustaren lesioek eraginda sartu zuen txapelketan Aspek, eta erarik bikainenean erantzun du hark. Urte aparta egin arren, begien bistakoa da urte batzuetan geratzeko iritsi dela lehen mailara Elordi, eta aurrerantzean faboritoen zerrendetan sartu beharko da haren izena.

Aitor Elordi

Buruz buruko finalak %20,8ko ikusle kuota izan zuen

Ikusmin handia piztu zuen Aitor Elordiren eta Jokin Altunaren arteko buruz buruko finalak. Milaka herritarrek ikusi zuten pilota partida ETB1en, eta ikusle datu altua izan zuen emanaldiak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %20,8ko ikusle kuota lortu zuen lehiak —euskaldunen artean, %34,5ekoa—. Partida osorik ikusi zutenen ehunekoa da hori. Baina, beste alde batetik, 172.000 herritarrek ikusi zuten uneren batean Elordiren eta Altunaren arteko finala.

Emanaldirako hamahiru kamera erabili zituen Euskal Telebistak. Kablecam izeneko kamera izan zen berrikuntza nagusia. Pilotalekuaren goialdean kokatu zuten, eta frontisetik errebotera arteko irudiak zein harmailetakoak ematen ditu, kablearekin batetik bestera mugituta. Gernikako (Bizkaia) Jai Alai Winter Series txapelketan erabili zuten aurreneko aldiz. Era berean, robotizatutako bi kamera jarri zituzten frontisean: Txokocam deritzona, txokoko irudiak emateko, eta Marracam izenekoa, pilota jokalekutik atera ote den erakusteko —epaileentzat ere baliagarria—.

Altunak iazko azaroan jokatu zuen beste final batek are ikusle datu altuagoak izan zituen: Joseba Ezkurdiaren eta Altunaren Lau eta Erdiko Txapelketako finalak %24,5eko ikusle kuota izan zuen —%38,3koa euskaldunen artean—. 322.000 herritarrek bat egin zuten tarteren batean emanaldiarekin.

Jokin Altuna eta Aitor Elordi pilotariak elkarrekin bizi dira

Duela gutxi, Gazteako Dida! podcast-ean, Jokin Altuna eta Aitor Elordi pilotariek elkarrekin bizi zirela kontatu zuten, gaur egun pilotaren munduan bizi den erroilu eta laguntasun onaren erakusgarri, eta XXI. mendean adiskidetasun mota berrien normalizazioa.

Iturria berria.eus

Antzeko argitalpenak