Lara Gonzalez: «Bi urteren ostean Lara desberdin bat itzuli da Donostiara, eraberritua»
Etxean da berriz ere. Zaragozan Espainiako Kopa irabazi ostean IDKra itzuli da Lara Gonzalez antolatzailea (Donostia, 1994). Taldeko kapitain zela utzi zuen bere etxea, «erronka berrien bila», eta, itzalean bada ere, lan bera egiten ari da oraindik ere. Pozik dago osatu duten taldearekin, eta Araskiren aurkako biharko derbirako prest daudela dio (19:00). Partidaz gain, besteak beste, itzulera, Zaragozan emandako urteak, ligaren egoera eta harrobia izan ditu mintzagai.
Araskiren aurkako derbira bolada desberdinetan iritsiko zarete. Zuek hobeto hasi zineten, baina haiek biziberrituta iritsiko dira. Nolako partida espero duzu?
Oso partida zaila izango da. Araskik gaizki hasi zuen denboraldia, baina azken hiru partidak irabazi ditu, eta oso garai onean dago. Hala ere, gaur egun, parekotasun handia dago ligan, eta edozein taldek edozeini irabaz diezaioke. Gakoa gureari erreparatzea izango da. Uste dut defentsa dela gure indargunea, eta gure onena eman behar dugu horretan. Haien kontraerasoak eta kanpoko jaurtiketak gelditzen baditugu, garaipenetik oso gertu izango gara.
Nolako taldea da IDK berri hau? Zuk ezagutu zenuenaren aldean, berdin jokatzen du? Edo ideia berriak txertatu ditu Azu Muguruzak?
Aurten aldaketa bat egin du klubak taldearen antolaketan, edo hori uste dut. Taldeak ez du ekarri erasoan erreferentzia nabarmena izango den jokalaririk. Oreka bilatu du barruko eta kanpoko jokalarien artean, denok garrantzitsuak garela sinetsarazteko, eta bakoitzak bere ezaugarri onenak eskaintzeko. Horrek arerioaren lana zailtzen du, ez duelako jokalari bakar bat gelditu behar. Denek daukagu taldeari emateko zerbait. Ideia ona da jokalarientzat; oso gustura ari gara.
Taldea asko aldatu da joan zinenetik. Besteak beste, zu zara gipuzkoar bakarra. Nolakoa izan da pertsona talde berri hori talde bilakatzeko prozesua?
Ez da zaila izan. Mariak [España] eta Yurenak [Diaz] bi urte daramatzate taldean, eta bazekiten nolako kluba den gurea. Hiruren artean esango nuke lortu dugula denak taldearen parte sentitzea, eta dinamikan sartzea. Zaila da ia jokalari guztiak berriak direnean, eta bakoitzak bere denbora behar du. Baina Mariaren eta Yurenaren laguntzarekin oso erraz egin dugu, eta oso pozik nago lortu dugun emaitzarekin.
Iritsi nintzenean Azurekin hitz egin nuen. Esan zidan azken urteak zailak izan zirela, eta Mariak eta Yurenak oso lan ona egin zutela taldearentzat. Kapitainak haiek zirela esan zidan, eta nik ulertu egin nuen, noski. Nik banekien asko lagundu nezakeela talde giroari dagokionez, behintzat, eta nire laguntza edonoiz izango zutela; eskatzea besterik ez zeukatela. Nik ez dut kapitainaren rolik behar. Atzean egotea gustatzen zait niri, ahal dudan guztian laguntzen, inurrien antzera. Yurena lesionatu eta gero, Mariari gehiago lagundu beharko diot, ez baita rol erraza.
Fitxatutako jokalariekin asmatu izana da hasiera onaren gakoetako bat?
Ni Graciarekin [Alonso de Armiño] batera etorri naiz Zaragozatik, eta harekin asko hitz egin dut horren inguruan. Lehenengo entrenamendutik oso ongi sentitu nintzen. Lehen aldiz ari ginen denak batera entrenatzen, eta aspalditik ezagutzen nituela sentitzen nuen. Inoiz ez dut horrelakorik sentitu, eta asko poztu ninduen. Argi dago fitxatuekin asmatu dugula, eta hori taldekideentzat zein klubarentzat oso albiste pozgarria da. Nor ekarri teknikarien taldearen erabakia da; zoriontzeko moduko lana egin dute.
Duela bi urte esperientzia berrien bila joan zinen Zaragozara. Noraino irits zintezkeen ikusi nahi zenuen. Nola baloratzen duzu bi urteko esperientzia hori?
Etxetik kanpo egonda, etxean bizi ezin nituen esperientzia batzuk bizi izan nituen. Horrek asebete egiten zaitu. Bi urteren ostean, Lara desberdin bat itzuli da Donostiara, eraberritua. Askoz sendoago etorri naiz, eta esperientziak hazteko balio izan dit. Jokalari gisa eta ni neu pertsona gisa ere bai, nola ez. Lortu dudan esperientzia ekarri nahi dut, hiriak gurekin goza dezan.
Europan jokatu zenuen, Espainiako Kopa irabazi zenuen… Zaragozan proiektu sendo bat daukate esku artean.
Beste klub askorentzat ispilu izan ginen. Zaragozan bizi izan nuena ez dut inoiz bizi izan. Han asko maite dute saskibaloia. Baina gizonezkoen taldearen alde ez ezik, klubak zein zaleek emakumezkoen taldearen alde ere egin zuten. Telebista ere, Aragon TV, tartean sartu zen, eta horrek ikusgaitasuna eman zion emakumezkoen saskibaloiari. Jendeak ikusi zuen gauzak ondo eginez gero eta, batez ere, gauzak egiteko nahi hori izanez gero gauza asko lortu daitezkeela.
Kopa goraino betetako pabiloi batean irabazi zenuten: 10.800 pertsona bildu ziren. Zorionez, gauzak aldatzen ari dira emakumezkoen saskibaloian?
Zorionez, bai! Oraindik ere gauza asko daude egiteko, baina Zaragozan egin zen Espainiako Kopa bezalakorik ez dut inoiz ikusi. Gainera, irabazi egin genuen, eta hori ez dut inoiz ahaztuko. Txikitan Kopa bat irabaztearekin egiten nuen amets, eta lortu egin nuen. Pixkanaka-pixkanaka, hobera goaz, baina bide luzea dago egiteko oraindik. Ez klub batzuetan bakarrik, baizik eta emakumezkoen kirolean, oro har.
Defentsan espezialista zarela diote askok. Defentsaren garrantzia da saskibaloian transmititzeko gauzarik zailenetako bat. Zuk berezkoa zenuen, ala asko landu duzun zerbait da?
Niri txikitan irakatsi zidaten defendatu ezean ezingo dudala erasora jo; aspalditik daukat buruan ideia hori. Defendatzeko jarrera behar da lehenbizi; azken finean, ondo defendatzeko nahia behar delako horretarako. Ondo defendatzen duenak eraso hobeak egingo ditu beti. Badaude beste faktore batzuk. Zure gorputzak eta zure gaitasunek lagundu egin behar dizute hobeto defendatzeko. Baina, aldez aurretik, nahia egon behar da jokalariaren aldetik. Txikitatik sartu nintzen ni defentsako lan horretan, eta begira nora iritsi naizen. Ez da banakako defentsaren kontua bakarrik; taldeko defentsa da saskibaloiaren giltza.
Ligan geroz eta proiektu sendoagoak daude. Klubak benetako apustuak egiten ari dira emakumezkoen saskibaloian. Oso berdinduta dago dena. Hori da aldaketarik nabarmenena zure lehenengo urteekin alderatuta?
Hala da. Ni 2012an iritsi nintzen Lehen Mailara, eta oso gertutik ikusi dut bilakaera. Ni hasi nintzeneko ligak ez du zerikusirik egungoarekin. Fisikoki eta mentalki. askoz prestatuago egon beharra dago. Oso liga gogorra da, geroz eta gehiago, eta hori da kirol honen ederrena. Bestela, jendea ez da etorriko, eta ez da lehiarik izango. Klubek apustu sendoa egin dute taldeak orekatzeko, eta horrek lehia handitu du.
Era berean, geroz eta talde gehiago ari dira goi mailan harrobia lantzen: Estudiantes, Kanaria Handia, Gernika, Celta, Zaragoza… Zenbateko garrantzia izan behar du harrobiko lanak eta gazteei aukerak emateak IDKrentzat?
Ez IDKrentzat bakarrik, edozein talderentzat beharrezkoa da harrobiko gazteei aukerak ematea. Azken finean, guk gaztetan lortu nahi genuen gauza bera lortu nahi dute haiek ere. Harrobiko lana beharrezkoa da gaur egun, eta gazteei ere aukerak eman behar zaizkie. Nahi ala ez, zaleak identifikatuago sentituko dira etxeko jokalariak etxeko taldearen parte direnean. Harrobia hiriaren eta taldearen arteko lotura bat da. Hori da pabiloiak betetzen hasteko egin beharreko urratsetako bat.