Kirolaren Euskal Kongresua egingo dute urrian Basaurin, Europako Hiriaren ekitaldien baitan

Era berean, besteak beste, Basauriko Kirol Gala berreskuratuko dute eta futboleko emakumezkoen senior selekzioa ere sortuko dute

Basaurik jada badauka eskegita 2024ko Kirolaren Europako Hiriaren bandera. Udaletxe aurrean dago jarrita bandera eta urte osoan zehar egongo da eskegita.

Urtarrilaren 14an, igandez, jarri zuten bandera ekitaldi ofizial batean. Bertan izan ziren Asier Iragorri Basauriko alkatea, Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Kirol arloko zinegotzia, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Kirolaren zuzendari nagusia.

Era berean, Udalean ordezkaritza duten alderdietako zinegotziak eta hainbat klubetako ordezkariak bertaratu ziren ekitaldira.

“Urtebete dugu aurretik merezitako errekonozimendu horretaz eta gaurtik abendura bitartean egingo diren kirol jarduera guztiez gozatzeko”, adierazi zuen Iragorrik.

Besteak beste, Emakumeen Itzulia eta Euskadiko Eskolarteko Jokoak maiatzean, Basauriko futbol selekzioaren 20. urteurrena edo urrian Basaurin ospatuko den Kirolaren Euskal Kongresua nabarmendu zituen Zugazagoitiak.

“Abenduan Kros Egokituaren Europako txapelketa ere izango da Lapatzan eta Basauriko Kirol Gala berreskuratuko dugu. Gainera, futboleko emakumezkoen senior selekzioa sortuko dugu, kirolean berdintasunaren alde egiten dugun apustuaren beste adibide bat”, gaineratu zuen Zugazagoitiak.

Iazko martxoan aurkeztu zuen Basauriko Udalak 2024ko Kirolaren Europako Hiri izateko hautagaitza, eta urrian izendatu zuen ACES Europak, Bruselan egoitza duen irabazi-asmorik gabeko elkarteak.

Abenduan jaso zuten Basauriko udal arduradunek oroigarria Europako Parlamentuan, Bruselan. Bertan, “herriko kirola” eta euskara, “gure hizkuntza”, eraman zituen Iragorrik

Antzeko argitalpenak