Kirolaren Euskal Biltzarrak 2024: hitzaldiak, mahai inguruak eta workshopak
Basauri Kirolaren Europako Hiri da. Urtean zehar kirolak protagonismoa izango du herrian, hala nola, Itzulia Women laskertako bigarren etapa (maiatzaren 11n), Espainiako Gorren Kros Txapelketa, Euskadiko Eskolarteko Jokoak, Basauriko futbol selekzioaren 20. urteurrena eta emakumezkoen senior selekzioaren sorrera.
Era berean, Kirolaren Euskal Biltzarra antolatuko dute urrian Social Antzokian, ‘Kirola gizarte berri baten aurrean’ izenburuarekin. Biltzarra urriaren 24an eta 25ean izango da eta gizartearen aldaketak, Udalaren Kirol Zerbitzuen kudeaketa-ereduak eta kirol-gune berriak izango ditu hizpide. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta workshopak izango dira.
Euskadin kirola eta jarduera fisikoa sustatzen duten erakundeak elkartuko dira topaketan, kudeaketan duten jakintza handitzeko asmoz.
Adituen hitzaldi eta eztabaida-mahaien bidez, egitura dinamikoa eta iritziak trukatzeko aukerak eskainiko ditu Biltzarrak. Era berean, posterren eta workshopen bidez, ezagutza eta esperientzia berriak ikasi, aztertu eta partekatzeko foroa izango da.
Hiru bloke
Biltzarrak hiru bloke nagusi izango ditu. Lehenengo blokeak (urriaren 24an, goizez) euskal gizartea aztertzea izango du ardatz. Kirolak gizarte berrira egokitzeko izango dituen aldaketa nagusiak zehaztuko dituzte, eta Euskadik aurretik duen erronka demografikoa, migrazioaren eragina eta dibertsitate funtzionala eta belaunaldikoa landuko dituzte.
Lehen bloke honetan José Luis Larreak (Deusto Social Lab), Juan Aldazek (EHU), Blanca Ordoñezek (Haszten) eta Ekain Larrinagak (Bilboko Udala) parte hartuko dute, Pilar Kaltzada kazetariak moderatzaile lanak egingo ditu.
Bigarren blokeak (urriaren 24an, arratsaldez) Udal Kirol Zerbitzuen eredua izango du ardatz. Hitzaldiek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola, egungo eta etorkizuneko kirol-ohiturak, herritarren eskaerei nola erantzun, epe ertainerako UKZen egitura-formula eta -eredua, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko harremana.
Marian Ispizua (EHU), Juan Antonio Compañón ‘Konpa’ (Vitoria-Gasteizko Udala), Iratxe Ruesgas (Sport Studio), Fernando Paris (FAGDE), Manuel Abajo (Barakaldo Kirolak) eta Josune Gorospe (Bizkaiko Foru Aldundia) arituko dira mahai-inguruan bigarren blokean.
Eta, hirugarren eta azken blokeak (urriaren 25ean, goizez) kirol espazioak, etorkizuneko kiroldegiak eta hiri aktiboak izango ditu hizpide: kirol instalazioek nolakoak izan behar duten etorkizunean, kaleak, herrietako eta hirietako plazak kirol-jarduerara txertatzeko bideak aztertu eta espazio publikoak modu libre zein partekatuan erabiltzeko gakoak identifikatzea.
Basauri, kirolaren hiri
Iazko martxoan aurkeztu zuen Basauriko Udalak 2024ko Kirolaren Europako Hiri izateko hautagaitza, eta urrian izendatu zuen ACES Europak, Bruselan egoitza duen irabazi-asmorik gabeko elkarteak.
Abenduan jaso zuten Basauriko udal arduradunek oroigarria Europako Parlamentuan, Bruselan. Bertan, “herriko kirola” eta euskara, “gure hizkuntza”, eraman zituen Iragorrik.
Kirolaren Euskal Biltzarrean 2024ko Kirolaren Europako Hiria izateko egin duen bidea partekatuko dute Basauriko udal ordezkariek. Era beran, azken hamarkadan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloan egin dituen garapenek eta datozen urteetan iristeke daudenek herritarrei ekarriko dieten ondarea ere azalduko dute.
Amaierako hitzaldia Raúl Martínez de Santosek (EHU) emango du eta gako nagusiak ikuspegi kritiko eta eraikitzailearekin laburbilduko ditu. Jon Zugazagoitiak (Basauriko Udala), Luis Solarrek (OTSp), Jorge Yelamosek (GO fit), Sergio Sernak (TECH friendly), Maite Morteruelek (UPNA) eta Karitte Alegriak (Getxo Kirolak) ere hartuko dute parte. Juanma Murua moderatzaile lanetan arituko da.
Hiru workshop
Biltzarrean zehar, hitzaldi eta mahai-inguruekin batera, hiru workshop ere egingo dira: ‘Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua’ (Athlon), ‘Nola hobetu dezakegu adingabearen babesa kirol inguruneetan?’ (Kunina-Zain) eta ‘LED teknologiaren demokratizazioa’ (Mondo).
Azkenik, proiektuak, ikerketak edo esperientziak posterren bidez aurkezteko guneak eskainiko ditu Biltzarrak. Proposamenak aurkezteko deialdia irailaren 15era arte dago zabalik.
Kirol Eskolak, Eusko Jaurlaritzaren kirol prestakuntzako online eskolak, 2024ko Kirolaren Euskal Biltzarraren inguruko informazioa, bideoak eta komunikazioak eskainiko ditu sare sozialen bidez.
KAIT, kirol arloko iritzi taldeak, antolatzen du Kirolaren VIII. Euskal Biltzarra, Eusko Jaurlaritza, Kirol Eskola, Bizkaiko Foru Aldundia eta Basauriko Udala erakunde babesleekin batera.
Iturria: Geuria.eus