Alain Bravo Del Hoyo:«Zapatilak jantzi eta guztiz deskonektatzeko pribilegioa ematen dit mendian korrika egiteak» Copiar
Mendiarekiko maitasuna txikitatik bizi izan du Ariltza auzoko zeberioztarrak eta ez berak bakarrik; familia osoak zaletasun bera konpartitzen du berarekin
Mendia ihesbidea eta askatasunaren sinonimoa da Alain Bravo del Hoyorentzat (Zeberio, 1984). Mendiarekiko maitasuna txikitatik bizi izan du Ariltza auzoko zeberioztarrak eta ez berak bakarrik; familia osoak zaletasun bera konpartitzen du berarekin. Azken hitzordua Zeberio Harana Mendi Martxa izan zen Bravorentzat eta mendi lasterketa izan ez bazen ere hasieratik amaiera arte gozatu zuen 2.500 metroko desnibela izan zuen 43 kilometroko ibilbidea. Trail runningak Zeberioko orografiak eskaintzen duen paradisuan elkartu gaitu korrikalariarekin eta bere zaletasunaren inguruan mintzatu gara.
Nolako esperientzia izan da zuretzat Zeberio Harana Mendi Martxan parte hartzea eta nola egin zenuen?
Martxa izan zen berez, baina nik korrika egin nuen. Esperientzia oso polita bizi izan dut, eta egia esateko, lehen aldia izan da niretzat: azken batean, data hauetan beti kanpoan egon ohi naiz, mendian, eskalada, martxa… edo dena delakoa egiten. Aurten, aldiz, Zeberion izan gara apirilaren amaieran eta neska-laguna antolakuntzako lanetan ibili da. Beraz, entrenamendu modura hartu dut Zeberion bizitako esperientzia.
Hainbat modalitate izan ziren. Zeinetan hartu zenuen parte zehazki?
Hiru modalitate egon ziren: txikientzakoa, ertaina eta helduentzakoa. Nik helduena aukeratu nuen eta 43 kilometroko distantzia eta 2.500 metroko desnibelekoa egin nuen. Proba benetan gogorra izan zen (barreak).
Kilometro mordoa dira eta desnibela benetan deigarria. Nondik datorkizu martxa edo korrika egiteko ohitura hau, Alain?
Txikitatik. Oso gaztetatik mendian ibiltzea asko gustatzen zitzaidan. Urteak igarota korrika egiten hasi nintzen eta “aspertu” nintzenean, mendian ibiltzeko ohitura alde batera utzi barik enduro txirrindularitzari ekin nion mendi-jaitsiera egiteko. Azken urteetan korrika egiteko ohiturari heldu diot berriro inoiz baino gogorrago (barreak).
Zer dela eta? Zer ematen dizu korrika egiteak beste edozein kirolek eskaintzen ez dizuna?
Askatasuna. Korrika egiteak niretzako bakarrik den momentua eskaintzen dit. Zapatilak jantzi eta guztiz deskonektatzeko pribilegioa ematen dit. Korrika egiten dudan bitartean neure buruarekin berba egiten dut eta zortzi edo hamabi ordu eman ditzaket beste ezertan pentsatu barik. Nire momentua da.
Nolakoak dira entrenamendu saioak? Zenbatean behin egiten duzu korrika?
Normalean eguaztenetan irteten naiz korrika egitera lagun batekin, eta ahal dudanean eguenetan ere bai. Beste batzuetan, barikuetan egiten dut korrika, Gasteizen, bertan egiten dudalako lan. Hala ere,kontziliazio familiarrak uzten didanean irteten naiz korrika egitera normalean.
Zaila da lana eta kirola familiaren zaintzarekin bateratzea?
Normalean hala izaten da, baina nire kasuan familia osoak mendira joatea maite du. Neska-lagunak txirrindularitza, eskalada eta runninga praktikatzen ditu. Ume bi dauzkagu, mendian kirola egitera ohituta daude eta dena bateratzeko aukera daukagu normalean.
Non egiten dituzue entrenamendu saioak?
Hemen, Zeberion. Hemen mendia dago eta pista ugari topa daitezke korrika egiteko. Gainera, bertatik gertu Gorbeia daukagu eta leku zoragarriak topa daitezke trail running bezalako kirolak praktikatzeko.
Nolako jarrera azaltzen du Zeberioko Udalak Zeberio Harana Mendi Martxa bezalako jarduerak antolatzeko orduan?
Udalak era honetako jarduerak sustatzen ditu. Hala ere, beti egin daiteke gehiago runninga bezalako kirolak bultzatzeko. Kontua izan behar da runninga lau katuk praktikatzen dugula Zeberion eta ez legoke batere gaizki pista gehiago zabaltzea eta gaur egungo bideak mantentzea
Zeberioko martxaz gainera, bestelako mendi lasterketetan parte hartu al duzu?
Joan den urtarrilean Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan hartu nuen parte, Lemoako Lemoatxan, Mungiako Lau Haizetara Trailen, Bediako Kolazinoko Mendi Egunean… eta urrunagoko lasterketetan ere hartu dut parte: Teruelen, Pirinioetako lasterketetan… Lasterketa bakoitza erronka bat da niretzat.
Nolako runnerra zara zu? Teknologia berriak eta sare sozialetan erronkak elkarbanatzea maite dituen horietakoa edo betidaniko korrikalaria?
40 urte ditut eta Instagram kontua duela aste bi zabaldu nuen, nire teknologien ezagutza mailaren ideia bat egin dezazun (barreak).
Zergatik orain?
Lasterketen berri izateko, bereziki. Gaur egun telefonoa eta sare sozialetan kontua zabaltzea ia derrigorrezkoa da kirol probetan izena eman ahal izateko. Kirolari moduan ere eskola zaharreko korrikalaria naiz. Arropa “ona” janzten dut kirola egiteko baina entrenamenduetako zein lasterketetako erritmoa neurtzeko ez dut gailu berezirik erabiltzen. Zapatilak jantzi, eta etxetik irteten naiz erlojuari jaramonik egin barik. Korrika egitera noanean helburu bakarra dut: kirolaz gozatzea.
Eta zuk erabili ez arren, uste duzu pultsometroak zein Strava bezalako aplikazioak erabilgarriak direla kirolarientzat?
Bai, noski. Profesionalentzat edo teknologiaren maitaleentzat oso erabilgarria da erabiltzaile baten tracka erlojura deskargatu eta bere ibilbidearekin entrenamenduak antolatzea.