Proiektu baten lehen bi harribitxiak

Euskal Herriko bi skater arituko dira Parisen: Naia Laso eta Alain Kortabitarte. Bata gaur lehiatuko da, eta bestea, bihar. Skater belaunaldi berriaren isla dira.

Naia Laso, Arabiar Emerirre Batuetan jokatutako proba batean. ALI HAIDER / EFE

Euskadiko Patinaje Federazioak eta Basque Team erakundeak 2020ko uztailean sinatu zuten skatean errendimendua sustatzeko hitzarmena. Skatea 2020ko Olinpiar Jokoetan sartu zen lehen aldiz programan, Tokion; eta aurretik surfarekin, badmintonarekin edo piraguismorekin egin bezala, egokitzat jo zuten halako egitasmo bat abian jartzea. Hurrengo bi Jokoetan zuen jarria arreta: Pariskoetan (2024) eta Los Angeleskoetan (2028). Lau gaztetxorekin hasi ziren lanean, eta horietako bi, Naia Laso (Bermeo, Bizkaia, 2009) eta Alain Kortabitarte (Errenteria, Gipuzkoa, 2005), programa haren lehen bi harribitxiak dira. Biak estreinakoz arituko dira Olinpiar Jokoetan. Laso gaur lehiatuko da, 12:30ean izango du sailkapen proba, eta, aurrera eginez gero, 17:30ean finala jokatuko du. Bihar arituko da Kortabitarte, ordutegi berean. Park modalitatean lehiatzen dira biak. Skater belaunaldi berri baten isla dira

(ID_17214963677805) Alain Kortabitarte
Alain Kortabitarte lehiaketa batean. BASQUE TEAM

Park modalitatean lehiatzen diren kirolariak arrapalaz, oztopoz eta salto egiteko gunez osatuta dagoen zirkuitu batean aritzen dira. Finalerdietan, Lasok eta Kortabitartek 45 segundoko bi ahalegin izango dituzte, eta bertan saltoak eta bestelako trikimailuak egin beharko dituzte skatearekin. Epaileek 0 eta 100 arteko puntuazioa emango diete, eta ahaleginik onena hartuko dute kontuan. Zortzi onenak sailkatuko dira finalerako. Epaileek ondorengo irizpideak hartuko dituzte kontuan: kirolari bakoitzak egindako saltoen eta trikimailuen aniztasuna; horiek egiteko orduan erakutsitako zehaztasuna; abiadura; zirkuituari zer etekin ateratzen ateratzen dioten; eta mugimenduen segida eta koherentzia. 22 skater ariko dira nor baino nor gehiago gizonezkoen proban, eta beste horrenbeste emakumezkoenean.

Ianire Elorriaga skater ohia da. Sei aldiz izan zen Europako txapeldun. Ez zuen aukerarik izan Joko batzuetan parte hartzeko. Baina gogorarazi du Euskal Herrian aspalditik egon dela skatean ibiltzeko zaletasuna, eta betidanik egon direla kalitate handiko patinatzaileak.  «Garrantzitsua» iruditu zaio horietako bi Jokoetan egotea. «Zer esanik ez horietako bat neska izatea. Nik, adibidez, kanpora joan behar izaten nuen lehiatzera, hemen oso neska gutxi zeudelako. Gauzak dezente aldatu dira».

«Lehen skatea umeentzako jolas edo denbora-pasa gisa ikusten zen. Ni ere hala pentsatuta hasi nintzen. Orain kirol gisa ere ikusten du jendeak»

IANIRE ELORRIAGASkater ohia

Gainera, zaletasuna gora doala berretsi du, eta horren arrazoiak azaldu ditu. «Gero eta skate eskola eta pista gehiago daude, eta horrek asko laguntzen du». Bestalde, uste du jendeak aldatu egin duela skatearen ingurua duen ikuspegia kirol olinpiko denetik. «Lehen, umeentzako jolas edo denbora-pasa gisa hartzen zen. Ni ere hala pentsatuta hasi nintzen, eta batetik bestera joateko erabiltzen nuen. Baina orain kirol bat gisa ere ikusten da. Gero eta jende helduagoa ikusten da skate pistetan. Orain dela urte batzuk, heldu bat skatearekin ikusten zutenean, galdetzen zioten ea noiz utziko zuen. Orain ez da halakorik gertatzen. Gaztetxoak zirela skatean aritu zirenek zubi lan oso ona egiten dute». Bera izan daiteke horren adibide. «Bi ume txiki ditut, eta sarritan joaten naiz haiekin skate parkera. Askotan, haiek baino gehiago patinatzen dut. Zaletasuna beti hor dago». Gainera, Tokion eman zen irudia ona izan zela uste du. «Balio izan zuen jendeak skatea gehiago ezagutzeko, eta haren ezaugarri nagusietako bat ikusteko: kiroltasuna. Ederra izan zen parte hartzaileak besarkatzen ikustea».

Lasoren bilakaera

Elorriagak emakumezkoen probei kasu egin die batez ere, eta Lasoren jardunari erreparatu dio. Jokoei begira, «indartsu» ikusten du. «Garapen ikaragarria izan du, eta oso gaztea da. Hobetzeko tarte handia dauka, eta gauza handiak egiteko aukera dauka Jokoetan. Goian ikusten dut». Bilakaera horien isla dira azken urteetan lortu dituen emaitzak. 12 urterekin, Espainiako txapeldun izan zen. 14rekin, iaz, bosgarren izan zen Munduko Txapelketan. Orain, 15ekin, lehen Olinpiar Jokoetan izango da. Euskal Herriko kirolaririk gazteena izango da lehiatzen. Gainera, urrea ere irabazi zuen Dubaiko Pro Tour txapelketan. Ondorengo ezaugarriak goraipatu ditu Lasoren inguruan: «Oso estilo argia dauka, eta oso bizkorra da. Espero dut lepauztaiarekin arazorik ez izatea». Kortabitarte ere gora egiten joan da errendimendu proiektuari esker. Azkenaldian AEBetan izan da Jokoak prestatzen, eta finalerako sailkatzeko borrokatuko dela nabarmendu izan du.

Baina zein da txapelketa on bat egiteko gakoa? «Kontuz ibili behar dute erorketekin, eta ondo erabaki non arriskatu. Gainera, gauzak oso argi izan behar dituzte. Ez da komeni zalantza egitea. Finalera iritsiz gero, izango dute arriskatzeko momentua». Hor, izaten duten traba nagusia da ia azkenera arte ez dutela zirkuitua ezagutzen. «Baina hori ere erronka bat da, polita. Izan ere, inprobisatu behar izatera ere eramaten zaitu».

«Kontuz ibili behar dute erorketekin, eta ondo erabaki non arriskatu. Gainera, gauzak oso argi izan behar dituzte. Ez da komeni zalantza egitea»

IANIRE ELORRIAGA Skater ohia

Teknikoki, egungo skatearen eta lehengoaren artean aldea dagoela berretsi du. «Fisikoki eman den aurrerapausoari dago lotuta. Izan ere, egun arlo hori ere lantzen da: indarra, oreka… Horrek gauza konplexuagoak egitea ahalbidetzen dizu, eta bizkorragoa izatea». Gainera, Interneten eta sare sozialen bidez, teknikari buruzko informazio gehiago dute egun skaterrek. «Argi dago, kirolzalea izanik gustatuko litzaidake Olinpiar Joko batzuetan egotea. Baina, aldi berean, nire garaian skatea ez zen hain lehiakorra. Ni, adibidez, autodidakta izan nintzen. Besteak ikusten ikasi nuen, eta ez nuen entrenatzailerik edo prestatzailerik. Askeago zen dena». Halaber, gogorarazi du lehian ari diren skaterretako asko gaztetxoak direla. «Hori ere kudeatzen jakin behar da».

Antzeko argitalpenak