Ziudadelan itzulipurdika
Euskal Herriko bi skater arituko dira Parisen: Naia Laso eta Alain Kortabitarte. Bata gaur lehiatuko da, eta bestea, bihar. Skater belaunaldi berriaren isla dira.
Iruñeko gotorlekua akrobazia, salto eta itzulipurdien agertoki bihurtuko da bertze behin. Izan ere, gaur hasi eta abuztuaren 24rat bitarte Harresietako Jaialdia izanen da Iruñean. Ziudadela izanen da agertoki nagusia, baina jaialdiak Iruñeko bertze hainbat txokotarat ere eramanen ditu zirkua, dantza eta antzerkia.
Tokian tokiko eta nazioarteko hainbat artisten jomuga izanen dira O-ko Andre Maria plaza, Barbazana ingurabidea eta Jito Alai, hain zuzen. Iruñeko Udalak antolatu du egitasmoa, Nafarroako hiriburuko ondare artistikoari eta historikoari bere blioa emateko helburuarekin.
Kataluniako Cirk Pistolet konpainiak emanen dio hasiera jaialdiari El itinerante (Ibiltaria) ikuskizunarekin. Hamabi lagunek parte hartuko dute bertan, Tomas Cardus, Rat Serra, Marc Hidalgo eta Pablo Domychovsky, bertzeak bertze. Oreka, baskula korearra, bertikala eta lurreko akrobaziak izanen dira ikuskizunaren oinarriak, eta teknika eta umorea uztartuko dituzte.
Berezitasun gisa, ez dute azpiegiturarik erabiliko, eta karrikan bertan eginen dute ikuskizuna. Kaleko ikuskizunen esentzia berreskuratu, eta publikoak gertuago senti ditzan hartu dute erabaki hori.
Ziklo bakoitzak txoko bat
Lau ziklo edukiko ditu aurtengo jaialdiak. Lehenbizikoa, Bost Punta izenekoa,Ziudadelan izanen da. Zirkua izanen dute hizpide bertako proposamen guztiek. Jaialdiak iraun bitartean, astearte, asteazken eta ortzegunero arratsaldeko zortzietarako dago saioa paratua, nahi duenarentzat. Gotorlekuan arituko dira Circ Pistolet, Siroco, La Banda del Otro edo Halako Ezpala, adibidez.
Bertzalde, Iruña Ilunabarrean atalak zenbait ikuskizun eskainiko ditu O-ko Andre Maria plazan, zientzia, teknologia, artea eta energia berriztagarriak uztartuz. Emanaldi guztiak eguzki energia baliatuz eginen dituzte, plaka fotovoltaikoen bidez. PIA konpainiak O2 Oxygen obra eskainiko du erraterako, eta Maitane Sarralde eta Zirkoaurre ere bertan izanen dira.
Useless Machines talde nafarrak emanen dio hasiera Dantza Zoroan atalari, Barbazan ingurabidean. Dantzak eta parkourrak bat eginen dute hirugarren zikloan. Izan ere, parkour talde batek Iruñeko harresiko eszenatoki batetik bertzerat gidatuko ditu ikusleak. Abuztuko lehen hiru larunbatetan izanen da, 20:00etan, Iruñeko Zaldi Zuritik hasita. DDM konpainia arduratuko da publikoa emanaldi batetik bertzerat laguntzen, baita ekitaldia ireki eta ixten ere.
Zoroen gaua espazioa ere sortu dute, musika elektronikoaren bidez gorputzaren mugimendua sustatzeko eta emozioekin konektatzeko. Bi taldek joko dute larunbatero 22:00etan eta 23:30ean Jito Alai frontoian, eta publikoak aukera izango du parte hartzeko. Abuztuaren 10ean Monica Elektra eta Celia Carrera DJen txanda izanen da.