Nextor Otaño ‘Nexgraff’: Hormetan gailenduz

Nextor Otaño ‘Nexgraff’ munduko muralgilerik onenetarikoa bilakatu da urte gutxian. 20 urte ditu, eta nerabea zenetik aritu da horma irudiak margotzen. Haren lanetako bi munduko ehun onenen artean daude. Urtarrilaren 31ra arte dago aukera bozkatzeko.

Nextor Otaño

Nextor Otaño (Pasaia, Gipuzkoa, 2003), klaseko apunteetan Nex sinatzen zuen hura, mundu osoko muralgilerik onenetako bat bihurtu da urte gutxian. Irrikaz zegoen eskuetan esprai bat hartu eta herriko hormak apaintzeko. Lagun batekin egin zuen lehenengo grafitia, skate parke batean, herriko denda batean erositako espraiak erabiliz. Horrela hasi zuen bere ibilbidea grafiti artista gisa, eta, gauzak aldatu diren arren, oraindik hormetan bere arrastoa uzten dabil.

Hormetan egindako aire zabaleko mural erraldoiei esker zabaldu da haren izena lau haizeetara. Duela gutxi arte ez zuen imajinatu ere egiten jendeak hainbeste miretsiko zuenik bere lana, eta Nex sinadura hain ezaguna egingo zenik. 20 urte ditu orain, baina nerabea zenetik aritu izan da aitarekin aldamioan edo garabian igota horma irudi handiak marrazten. Besteak beste, Euskal Herriko pertsonaiak hartu izan ditu margogai: Joxan Artze, Mikel Laboa eta Berri Txarrak taldea, esaterako.

Nextor Otaño 'Nexgraff' artistaren sinadura
Nextor OtañoNex artistaren sinadura. NEXGRAFF

Arte munduan Nexgraff izenez egin da ezagun. 2022an, 19 urte besterik ez zuela, Street Art Cities webguneko munduko ehun mural onenen artean sailkatu zen Trintxerpeko (Gipuzkoa) Ciriza Etxean margotu zuen horma irudia —hamargarren postuan amaitu zuen azkenean—. 2023ko zerrendan, Otañoren bi horma irudi daude munduko onenen artean sailkatuta.

Street Art Cities webguneak mundu osoko horma irudirik onenak biltzen ditu urtero. Artezaleen komunitateak aukeratzen ditu, eta bozketa abiatu du horien arteko aurtengo rankinga osatzeko. Plataformak sailkapen moduko bat ateratzen du hilabetero, munduko horma irudirik onenekin. Urtea amaitzean, aurkeztu dituzten lanekin bozketa bat egiten dute, ehun onenen behin-behineko sailkapen bat egiteko. Horien artean, Euskal Herrian egindako horma irudiak egon izan dira azken urteotan; eta, aurten, sari nagusia jasotzeko hautagaien artean daude Baionan eta Ibarran (Gipuzkoa) Otañok egindako obrak. Urtarrilaren 31ra arte dago aukera bozkatzeko.

Grafitigile gazteak margotutakoez gain, gainera, Euskal Herriko hormetan egindako beste bi mural daude Street Art Cities-en sailkapenean. Djoels margolari flandriarrak eta Maias Matan artista espainiarrak —Sabotaje al Montaje izenaz ezagunagoa denak— Ondarroako (Bizkaia) fatxadetan islatu dituzten lanak dira.

Lehenengo grafitiak Gabriel Arrizabalaga arrantzale ohia du inspirazio iturri; orain maketagile lanak egiten dituena. Bestalde, Sabotaje al Montajek Ondarroako portuko zereginetan emakumeek izandako rola irudikatu eta balioetsi nahi izan du. Bigarrenak Impact Award kategoria hautatuan parte hartu du, beste hamalau lanekin batera. Bi muralak Ondarroako Kamiñazpi auzoan daude, iaz Rederas murala margotu zuten leku berean; lehiaketa honetan bertan hirugarren postuan geratu zen.

«Askatasunez» interpretatzekoa

33 metro garai eta zazpi metro zabal den lan ikusgarria da Ibarrakoa, non Nexgraffek neskato bat eta haren amona margotu zituen. N-1 errepidearen azpian dago murala, Tolosa eta Ibarra herrien arteko muga den zubiaren zutabeetako batean. Proiektua GKo Tolosako galeriaren zuzendaritzapean garatu zuten, eta Ibarrako Udalak finantzatu zuen; Tolosako Udalak, berriz, azpiegiturak eta udal brigadaren laguntza eman ditu prozesuan.

Nextor Otaño 'Nexgraff' artistaren muralak
Otañoren Ibarrako (Gipuzkoa) muraleko haurraren argazkia. NEXGRAFF

«Biak baratze batean ari dira lanean, neskatoa landare bat eskuan duela eta amona piper batekin. Ibarrako nortasun gisa, ezagutza eta belaunaldien arteko balio kulturalen transmisioa islatu nahi nuen, nekazarien gune bat baita. Lurrari lotuta bizi dira bertako herritarrak», azaldu du pasaitarrak. Pintura plastikoa erabili zuen Otañok, eta bi aste behar izan zituen murala osatzeko. Anekdotaz beteriko proiektua izan zela kontatu du, gainera. «Ia ezabatu egin zen, baina lortu genuen dena konpontzea», gehitu du.

Baionako Zizpa gaztetxeko horma apaintzen du Otañoren bigarren obra sailkatuak. Elementu hauek ditu muralak: ardi bati eusten ari den gazte bat, burua eta aurpegia ia estaliak dituen beste mutil bat, kotilungorri bat —Uztaritzeko inauterietako pertsonaia— eta oilo bat. Obra Baionako Points de Vue jaialdian sortu zuela azaldu du artistak: «Urtero antolatzen dute jaialdi hori. Nazioarteko artista on dezente ekarri ohi dituzte, eta, oraingoan, Zizpa gaztetxeko kideek nik fatxada margotzea nahi zuten. Jaialdiak asko gustatzen zaizkit, nahi duzuna margotzeko askatasuna ematen baitizute. Gainera, gaztetxe bat margotzeak ere ilusio berezia egiten zidan». Horrez gain, norberak nahi bezala, «askatasunez» interpretatzeko obra dela azaldu du.

Aita alboan beti

Otañoren azken urteotako ospea eta hobekuntza ez dira kasualitatea, hainbat eta hainbat horma irudi margotu baititu. Esaterako, Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren erretratu erraldoi bat egin zuen duela bi urte, Ordizian (Gipuzkoa). Muralgile gisa egindako lehen urratsetan, Aitor Otaño aitarekin (Pasaia, 1973) egin zituen obra asko.

Nextor Otaño 'Nexgraff' artistaren murala
Nextor Otañok Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) Ciriza Etxean margotu zuen horma irudia. NEXGRAFF

Izan ere, ustekabeko topaketa batek aldatu zuen Otañoren bizitza, haren aitak Nex sinadura furgoneta batean identifikatu zuenean. «Nire sinadura beste askoren artean ezagutzeko gai izan zen. Argazki bat atera, eta errieta egiteko asmoz itzuli zen etxera». Ingeniaritza ikasketak egin arren, margolaria izan nahi zuen aitak. «Beraz, beste bi lagunekin batera grafiti tailer batean izena eman genuen azkenean. Aitak eta biok bakarrik bukatu genuen tailerra, eta elkarrekin muralak margotzen hastera eraman gintuen horrek». Lehen, elkarrekin egiten zituzten lanak. Orain, aita «alderdi logistikoaz» arduratzen da gehiago, baita bideoak eta argazkiak ateratzeaz ere, promozionatzeaz gain.

Obrak ezagutaraztea

Izendapenak izendapen, 2023an hainbat lekutako hormak apaindu ditu Otañok. Handik eta hemendik deitu izan diote lanak egiteko: Hernanitik, Villabona-Amasatik, Urnietatik, Mutrikutik, Berastegitik, Belauntzatik, Zizurkildik, Baliarraindik (Gipuzkoa), Gernika-Lumotik (Bizkaia), Avilesetik, Lermatik, Tarifatik, Pulpindik, Huelmako Bentetatik (Espainia) eta Castellotik (Herrialde Katalanak). Nazioartean ere aritu da: Cergyn (Frantzian) eta Leipzigen (Alemanian).

Bere lanak Street Art Cities-en zerrendan egoteak bultzada eman dio Nestor Otañoren ibilbideari. Baina ez dago hor lehiakor izan nahi duelako, baizik bere horma irudiak zabaldu eta ezagutarazteko. «Ez dut inorekin lehiatu nahi. Nire lana munduan zabaltzeko izena ematen dut horrelako gauzetan. Nire bidea egin nahi dut, eta gauza bera egiten duten artista asko ezagutu. Aurten, atzerriko hormak margotzea da nire helburu nagusia», azaldu du.

Iazkoa herriz herri muralak margotzen aritu den «urte berezi bat» izan dela azpimarratu du Otañok. Hala ere, atera du ikasteko tartea, Arte Ederrak ikasten ari baita Leioan (Bizkaia): «Betidanik margotu izan dut. Jarraitu nahi dut muralak egiten, eta artearen beste arlo batzuk deskubritzen: gauza berriak ikasi nahi ditut».

Antzeko argitalpenak