Iñaki Navascues, ‘Triki’: «Gaixotasunagatik gehien sufritu dutenak dira gehien disfrutatzen ari direnak»
30 emakumek osatzen dute HS2 Hondarribiko surf eskolaren ‘Dragon Boat’ ontzia. Minbizia izandakoak dira batzuk. Navascuesek dio lagungarri zaiela arraun egitea.
Inklusioaren alde egin du beti HS2 Hondarribiko surf eskolak. Desgaitasun edo gaixotasunen bat duten hainbat pertsonarekin egiten dute lan, eta kirolaz goza dezaten ahalegintzen dira. Dragon Boat izeneko trainerua erosi zuten iaz, Galizian, eta Hondarribira eraman zuten, «eskaintza murritzak dituzten sektoreak» erakartzeko. Ontzi horren sustatzaileetako bat da Hondarribiko surf eskolako arduradun Iñaki Navascues Triki (Hondarribia, 1976). Ontziak ez du alferrik izen hori; izan ere, dragoi baten burua darama brankan, eta buztana, berriz, txopan. Hamazazpi metro da luze, eta 30 emakume aritzen dira arraunei eragiten, astean bi aldiz. Minbizia jasandakoak dira hamabi andre, eta gainerakoek nolabaiteko sentsibilitatea dute gaixotasun horrekiko. Navascuesek dio fisikoki eta psikologikoki on egiten diela Dragon Boat ontziko partaide izateak.
Nola bururatu zitzaizuen minbizia izandakoekin talde bat osatzea?
Kirol klub bat zen gurea, eta gaur egun ere hala da, baina gizarte gaietan murgildu gara gehiago. Kirol egokitua sustatzen duen proiektu bat daukagu, SUPerate izenekoa. Hainbat erabiltzaile desgaitu ditu proiektuak; askotariko dibertsitate funtzionalak dituzte. Klubean orain bost bat urte sartu zen Miren Zabala, SUPerate proiektuaren arduraduna. Ikusi genuen ederki funtzionatzen zuela proiektuak gurean, eta harro sentiarazten gaitu ludoteka inklusiboak geure egin izanak. Proiektu hori abiatu genuenetik, gizartera begira jarri gara, identifikatzeko zein diren kirola egiteko eskaintza murritzak dituzten sektoreak: desgaitasuna duten pertsonak, gaixotasunen bat dutenak… Haien beharretara egokitzen gara, kirol eskaintzaren bat egiteko. Nolabait esateagatik, esperientzia positiboetara bideratzen dugu jendea. Horren erakusle da Dragon Boat ontzia: desgaitasun edo gaixotasunen bat duen jendeak erabiltzeko propio ekarri genuen.
Nola lortu zenuten ontzia?
Nik orain hamar urte ezagutu nuen Dragon Boat ontzia. Hura lortzeko interesa nuen, baina orduan oraindik ezin ziren halakoak lortu. Orain bi urte Galiziako talde batekin jarri ginen harremanetan, eta orduantxe piztu zen ontzi hori lortzeko benetako gogoa. Donejakue bidea egin nuen iaz, Elena Urracarekin, klubeko beste kide batekin. Galiziara iritsi, eta han lortu genuen Dragon Boat ontzia, eta erabiltzen ere han ikasi genuen.
«Norbaiti laguntzen diogunean, gu geu gara onuradun nagusiak, eta horrexek betetzen gaitu gu»
Bularreko minbizia duten emakumeen elkarte batzuekin jarri zineten harremanetan.
Bai, Donejakue bidea egin aurretik izan zen hori. Tramite asko eta asko egin behar izan genituen prozesu horretan, gure proiektua diruz lagunduko zuen babes baten bila, harik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Dragon Boat proiektuaren alde apustu egin zuen arte. Horri esker daukagu proiektu zoragarri hau. Beste hainbaten babesletza ere badugu. Ez diogu hazteko mugarik jarriko geure buruari, uneaz gozatu nahi dugu, poliki, eta ahal dela, ondo. Parte hartzaileak zaindu nahi ditugu, ikus dezaten talde txikia izanagatik ere talde handien gisako egitura dugula.
Zein da ontziaren helburua?
Kirolaz disfrutatzea da helburua, parte hartzaileek hazten eta amesten jarraitzea. Ezin zaigu ahaztu nor garen eta nondik gatozen. Hegoaldetik gatoz; beraz, ur gaineko kirolak sustatu behar ditugu, denentzat. Gure asmoa argia da: zoriontsu egin nahi dugu gugana jotzen duen oro. Norbaiti laguntzen diogunean, gu geu gara onuradun nagusiak, eta horrexek betetzen gaitu gu. Dragon Boat-ekin ere zoriontsu egin nahi genuen jendea.
Zertan laguntzen die bularreko minbizia jasandako emakumeei Dragon Boat bezalako ontzi batean parte hartzeak?
Gaur egun 30 emakumek osatzen dute ontzia, eta 30 horietatik hamabik jasan dute bularreko minbizia. Izaten dituzte beren gorabeherak, baina denek esan digute medikuak esan diela jarraitzeko arraunean, on egiten dielako. Bularreko minbizia jasan ez duten gainerako parte hartzaileak oso sentsibilizatuta daude gaiarekin. Kirola egiten dugu, eta ahalegin handi bat eskatzen du, gainera. Ordubetetxo bat pasatzen dugu uretan, eta ez dira paseo bat ematera etortzen: kirola egitera etortzen dira. Teknika ikasten ari dira orain, eta ikasi dute ontzia iraultzen ere, beldur handia baitzioten horri. Denok ari gara ikasten, poliki-poliki, hala arraunlariak nola entrenatzaileak. Fisikoki indarra hartzen laguntzen die kirol honek.
Eta psikologikoki?
Psikologikoki, bakoitzak bere modura bizi du. Esango nuke gaixotasunagatik gehien sufritu dutenak direla gehien disfrutatzen ari direnak, ikusten dutelako badirela nor talde baten parte izateko. Pentsa: haiekin bilera batzuk egin genituen udan entrenatzen jarraituko ote genuen erabakitzeko, eta, gogotsu zeudenez, pare bat entrenamendu egiten ditugu astean.
«’Dragon Boat’ ontziarekin denok ari gara ikasten, poliki-poliki, hala arraunlariak nola entrenatzaileak»
Eta nolako entrenamenduak izaten dira?
Saio guztiek dinamika bera izaten dute: arraunlarietako bat jartzen dugu arduradun, arraunlari guztiek jakin dezaten zer egin behar duten. Nabarmenduko nuke, batez ere, adiskidetasun handia dagoela entrenamendu guztietan. Zer moduz dauden galdetzen diote elkarri: nola ari den bilakatzen gaixotasuna, zer moduz daramaten… Eta berri onak daudenean, zerbait hartzera joaten dira elkarrekin, ospatzeko. Halere, beti ez dira berri onak izaten, eta gurekin esperientziak partekatzeak asko laguntzen die. Entrenamendua hasten dugunean, zera esaten diet: «Tira, orain ahantz ditzagun gaur gertatutakoak. Goazen disfrutatzera».
Esan duzu, emakumeak dira partaide guztiak.
Bai. Eta, bide batez, gizonezkoak gonbidatzeko deia egin nahiko nuke, talde inklusibo bat garelako. Entrenamenduak arratsaldetan egiten ditugu, baina goizetan ere baditugu ontzia erabiltzen duten talde batzuk. Gainera, elkarte batzuek ontzia kontratatzen digute, eurek erabiltzeko. Finean, taldean lan egiteko tresna aparta da, eta, etorkizunean, lehiatzeko ere erabili nahiko genuke.