Amurriok Abiagako ‘skatepark bowl’a inauguratuko du skater profesionalekin
Amurrioko gazteek urteak zeramatzaten Abiagako skate pista handitzeko eskatzen. Izan ere, proiektua 2017ko aurrekontu parte-hartzaileetan planteatu zen, eta Udalak 50.000 euroko inbertsioa egin du. Joan den apirilean zabaldu zenetik, kirol honen zaleentzako erakargarri izaten ari da, taldeka iritsi baitira udalerrira, baita Frantziatik ere, bowl motako egitura berria probatzeko. Horrela deitzen zaio, izkina kurbatuak dituen lurrean hondoratzen den bainuontzi edo katilu baten forma duelako.
Izan ere, bertako skaterrek harrizko skatepark bat zuten Abiaga aldean bertan, Daniel Yabarrek diseinatua, eta forma eta altuera desberdinetako kaxoi ugariz hornitua, baita arrapalak, eskailerak eta jaisteko barra bat ere, skater jargian street motakoa bezala ezaguna, edozein kaletan aurki daitezkeen elementuak aurkitzean; baina pista hori zaila zen hasiberrientzat, eta txiki geratzen zen profesionalentzat.
Ekipamendu berriak, aldiz, 200 metro gehitu ditu gurpildun motorrik gabeko edozein ibilgailurentzat, patinak barne, eta hasiberriei zein adituei praktikatzeko aukera ematen die, kirol-aisialdiko egitura dibertigarria, azkarra eta ikusleentzat deigarria ere badutelako; izan ere, haien formak aireko akrobaziak eragiten ditu, eta horietan kirolariak bizikletak hartuta ateratzen dira esparrutik, berriro bertan erortzeko.
“Hori da Amurriorako urte luzez behar eta bilatzen genuena, eta badirudi funtzionatzen duela. Zoriontsu naiz ikusita alde guztietako jendea etortzen dela bowl berria probatzera, eta hau oso modu ona da gazteen artean kirola sustatzeko eta gure herriari bizia emateko sortzen duen turismoarekin. Asko falta da hobetzeko eta pistak dauden eremu honek aukera asko ditu. Kirol mota honek duen potentziala ikusten ari den honetan, nahiago nuke aukera aprobetxatzen jakingo balitz eta horrelako instalazioetan gehiago inbertituko balitz”, Andima Errazti tokiko skaterrak iritzi dio sareetan, pista berria diseinatzen lagundu baitzuen. Pista berria Soul Parks zirkuituetan espezializatutako enpresak, Aitor Veguillas arkitektoak eta Raúl Alcántara BMXko profesionalak diseinatu dute.
Skatepark hau zabaltzeak sortu duen ikusmina eta eskari handia dela eta, bowl motako pistari hasiera emango zaio. Bertan izango dira Teresa Fernández eta Sergio Layos profesionalak, BMX Bicycle Motocrosseko munduko txapeldunak; Danny León, olinpiadetan parte hartu duen skaterra; eta, azkenik, Ian Ponciano skater bermeotarra. Gainera, lagunarteko BMX eta skate txapelketa egingo da. Txapelketa amaitutakoan, Sabin Guaresti kantautoreak kontzertua emango du eta Aiaraldeko Sound System taldeak hartuko dio lekukoa. Erakusketa guztia Rubén Álvarez speakerraren gidaritzapean egingo da.
Halaber, igande honetan – Txakolin Egunarekin batera –, Amurrio Patin taldeak abiadura-patinajeko bere ibilbide parte-hartzailea garatuko du, eta Amurrio, Laudio, Urduña eta Basauriko 90 lehiakide baino gehiagok parte hartuko dute, baita Bilbo eta Gasteizkoak ere. Antolatutako lasterketetan izena ematea, bai helduentzat, bai haurrentzat, probaren egunera arte egin daiteke. Open kategorian konfirmatutako parte-hartzaileen artean, abiadura nazionaletan txapeldun izandako bi daude: Enrique Leiva (Marianistas), Gasteizkoa eta Ekaitz Pérez (Basrroler), Basauriarra
Iturria: Noticias de Alava / Zuriñe Larrazabalek itzulia