Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri, Europako Junior txapeldunak

Anette Gonzalez Etxabarrik Europako Junior titulua irabazi du, eta bere ahizpa Janirek itzuliko azken proba irabazi du Galizian. Munduko Junior lehiaketarako Europako bi plazak bi zumaiarrek eskuratu dituzte.  Nicolas Paulet biarriztarra ere txapeldun izan da.

Annette likra gorriarekin eta Janire likra urdinarekin, buruz buru lehiatu ziren bi ahizpak final laurdenetan.

Gonzalez Etxabarri ahizpek Europako Junior itzuliko lehen bi postuak eskuratu dituzte. Final laurdenetan Annette kaleratu behar izan zuen arren, ahizpa txikiak rankingeko lehen postuarekin 2023ko Europako Junior titulua irabazi zuen, eta Janirek ostera, finalera iritsi eta itzuliko azken txapelketa irabazi zuen Galiziako Razo hondartzan.

Mutilen kategorian, Biarritzeko Nicolas Paulet lehiakide gazteak irabazi zuen Galiziako txapelketa, eta horri esker, rankingeko hirugarren postuan amaitu du aurtengo zirkuitua. Ordea, finalean arerio izan zuen Sam Piter frantsesak, bigarren postuan geratu arren, rankingean lehen postura igotzeko behar adina puntu eskuratu zituen eta, horrela, 20 urtetik beherako surflarien titulu europarra eskuratu ahal izan zuen.

Azken urteetan Euskal Herriko surflari gazteek emaitza onak eskuratu dituzte Europako Junior itzulian, iaz esaterako, Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra eta Bitor Garitaonandia debarra nagusitu ziren. Aurten, ordea, mutilen kategorian ez da aparteko posturik izan, baina nesken kategorian erabat nagusitu dira Gipuzkoa eta Lapurdiko surflariak.


Annette Gonzalez Etxabarri Europako Junior garaikurrarekin (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Esan bezala, mutilen zein nesken rankingeko lehen bi lehiakideek munduko Junior QS txapelketan parte hartzeko plaza eskuratzen dute. Nesken mailan, Janire eta Annette izango dira Europa ordezkatuko duten lehiakideak, eta mutilen kategorian, ostera, Sam Piter, Hossegorreko surflaria, eta Elay Bochan israeldarra izango dira Europako junior ordezkariak.

 

Hirutik bi

Aurtengo Europako Junior zirkuitua osatzen duten hiru txapelketatik bi Annette Gonzalez Etxabarrik irabazi zituen, Marokon eta, duela egun gutxi, Bretainiako La Torche hondartzan. Ondorioz, final laurdenetara iristea nahikoa zuen 16 urteko zumaiarrak rankingeko lehen postua ziurtatzeko, eta iritsi zen, baina izan zezakeen arerio zailenarekin lehiatu behar izan zen; hau da, bere ahizpa Janirerekin.

Iraileko hirugarren astean Bretainian jokatu zen txapelketan ere buruz buru izan ziren bi ahizpak, baina orduko hartan Annette gailendu zen. Edonola ere, kaleratua izan arren titulu europarra ziurtatua zuela, bere ahizpak txapela eskuratuko zuenaren itxaropena agertu zuen: «Oso pozik nago, zeren ez da oso zaila izan, orain nahi dudana da nire ahizpak rankingeko bigarren postua eskuratzea, mundialera elkarrekin joateko».

Zumaiako bi surflarien nahiak bete ziren, batak 20 urtetik beherakoen Europako titulua irabazi baitzuen eta besteak, rankingeko bigarren postua eskuratu bakarrik ez, itzuliko hirugarren txapelketa ere irabazi zuen Aelan Vaast tahitiarra garaitu ostean.

Ahizpa gazteenak Europako titulua irabazten duen lehen aldia da, baina 18 urte dituen Janirek jada hiru bider irabazi du Europako Junior txapela. Horrez gain, Galizian bertan 3.000 puntuko QS txapelketa bat ere irabazi zuen irailaren 3an. Annettek oraindik beste 4 urte ditu Junior mailan eta Janire, aldiz, beste bi urtez lehiatu ahal izango da 20 urtetik azpiko kategorian.

Zumaiako bi ahizpez gain, esanguratsuak dira beste hainbat euskal surflarik nesken mailan lortu dituzten emaitzak. Adibidez, gazteen rankingeko laugarren postua Sarah Leiceagak eskuratu du. Egun 18 urte dituen Biarritzeko surflariak itzelezko maila erakutsi du aurtengo denboraldian, eta, bere ahizpa Ainhoarekin batera, QS mailan ere lehiatzen da.

 


Janire Gonzalez Etxabarri lortutako garaipena ospatzen (WORLDSURFLEAGUE.COM)

 

Nicolas Paulet
Olatu ederrak izan ziren Galiziako Razo hondartzan, batez ere lehen egunetan, metro eta erdiko olatu indartsuak izan baitziren. Irailaren 24an egin ziren finalak, eta, itsasoak apur bat behera egin zuen arren, oraindik olatu garbiak zeuden. Baldintza horietan itzelezko maila erakutsi zuten txapelketan parte hartu zuten 40 neska eta 96 mutilek.

Azkenean Sam Piter eta Nicolas Paulet izan ziren mutilen finalean buruz buru. Lehena Hossegorrekoa da eta bigarrena Biarritzekoa, beraz, ongi ezagutzen dute elkar, sarri urautsi berdinetan itsasoratzen baitira. Indar handia erakutsi zuten, ariketa azkar eta zailak egin zituzten, eta oso parekatuak izan ziren, baina azkenean Paulet nagusitu zen, 0’43 puntuko aldearekin.

Garaipenari esker, hirugarren postuan amaitu du itzulia Biarritzeko surflariak. Aitzitik, San Piterrek, Galizian bigarren postuan geratu zen arren, 2023ko Junior titulu europarra irabazi zuen, lortutako emaitzarekin rankingeko lehen postura igo baitzen.

Sam Piterrekin batera munduko Junior txapelketan Europa ordezkatuko duen beste surflaria Elai Bochan israeldarra da. Bochanek ez du itzuliko txapelketa bakar bat irabazi, lortu zuen emaitza hoberena Bretainian eskuratu zuen, bigarren geratu baitzen. Marokon 17. postuan geratu zen eta Galizian final laurdenetan kaleratu zuten, baina hala ere, rankingean bigarren postuan egotea lortu du.

Iturria naiz.eus

Antzeko argitalpenak