Mikel Atxa: «Auzotar baten motorrera igo nintzenean jakin nuen hura izango zela nire bizitzako pasioa»
Mikel Atxa Hortalaren (Zaratamo, 2003) egun arrunt batek 72 ordu izan beharko lituzke: ikasten dabil, lan egiten du, ur azpiko arrantza modu profesionalean praktikatzen du eta Enduro lasterketako lehiaketetan parte hartzen du. Igaro berri den udan zilarrezko domina irabazi zuen Tenerifen jokatutako Espainiako Ur Azpiko arrantza Txapelketan eta azaroan Nazioarteko Munduko Openean lehiatuko da. 20 urteko zaratamarren motorrera igo gara bere abenturak eta desbenturak ezagutzeko, Zaratamoko basoetan barrena.
Sorpresaz betetako urtea izan da aurtengoa zuretzat, ezta Mikel? Bai! Aurten zilarrezko domina eskuratu dut Tenerifen jokatutako Espainiako Ur Azpiko arrantza Txapelketan udan 23 urtetik beherakoetan, alde batetik. Bestetik, Espainiako Enduro Motor Txapelketan hartu nuen parte urte hasieran, Galizian.
Ur azpiko arrantzarekin hasiz, nola heldu zinen Tenerifera? Espainiako Txapelketan parte hartzeko, jakina denez, Euskadikoa gainditu behar da. Tenerifekoa baino hilabete bi lehenago antolatu zuten Santurtziko portuan. Bilbokoan ez nuen itxaropen handiegirik, kirol probarako ez nintzelako asko prestatu. Bost ordu uretan egon ostean, uste baino hobeto egin nuen eta hirugarren postua eskuratu nuen. Lehen hiru sailkatuok Espainiako txapelketan jokatzeko aukera izan genuen.
Behin Tenerifen, nolakoa izan zen bertan bizitako esperientzia? Izugarria. Arrantzaren munduan hasiberria naiz eta Tenerifen kirolari onenak zeuden. Eurengandik ikasi nahi nuen. Emaitza modura, arrantza oso ona izan zen eta hortik etorri zen bigarren postua txapelketan.
Hasiberria zarela diozu. Nondik datorkizu ur azpiko arrantzarekiko pasio hau? Aitarengandik datorkit. Gaztetan praktikatzen zuen, baina berarekin praktikatzen zuen lagun mina hil egin zen eta aitak bertan behera utzi zuen. Aitaren ekipoa etxean lotu zen. Txikia nintzenean ur azpiko arrantzarako fusilak eta neoprenoak ikusten nituen etxean eta, gutxi bada ere, ura betidanik gustatu zait. Joateko gogo handia sortu zitzaidan eta 13 urterekin probatzea erabaki nuen. Zoragarria izan zen.
Aitaren lagun mina kirol hori praktikatzen zendu zela ikusita eta zu aitaren ekipoa hartzera zindoazela jakitean, ezer esan zizuten etxean? Aitak beldur handia zeukan. Baina uste baino gogorrago astindu ninduen pasio hark uretara sartu bezain pronto eta familian nola edo hala ulertu behar izan zuten.
Nolakoak dira kontuan izan beharrekoak ur azpiko arrantzako entrenamendu saio bat egin behar denean? Lehenik eta behin eguraldia eta itsasoko parteak ikusi behar dira. Egoera onean egon behar du itsasoak. Mareak gora egin behar du, gainera, ur azpiko arrantza praktikatzean, benetan garrantzitsua da hori. Baldintza horiek betetzen badira, uretara sartu eta bospasei orduko entrenamendu saioak izan ohi dira. Astean bizpahiru aldiz joaten uretara, ondo bidean.
Edonork praktika dezake kirol hau edo baldintza jakin batzuk bete behar ditu kirolariak? Edonork praktika dezake. Zenbat eta gehiago praktikatu orduan eta apnea luzeagoa lortuko duzu. “Akuatikotasuna” edo ur azpian egoteko erraztasun hori astiro-astiro garatzen da. Akuatikotasuna hobetuz gero, sakonera maila handiagoa lortu daiteke eta, beraz, ezohiko arrain gehiago ikusteko aukera sortzen da.
Zenbat eta hondorago, arrisku handiagoa ere bai, aldi berean. Hala da. Arrantza egitera goazenean buia bat eramaten dugu itsasontziek gu ikusi ahal izateko. Ontziek gutxienez 50 metroko distantzia utzi behar dute buia bat ikusten duten bakoitzean. Hala ere, gure kostaldean ontzi bat urpekari baten gainetik igarotzeko aukera gutxi daude. Jendeak kontu handia dauka.
Gomendiorik baduzu ur azpiko arrantza praktikatu nahi duen edonorentzat?
Apnea ikastaro bat egitea. Arnasa era egokian hartzeko baliagarria izateaz gainera, ur azpian modu eraginkorrean moldatzeko ziurtasuna ematen dio itsaspekariari. Horrela susto ugari ekidin daitezke ur azpian. Gaur egun, ikastaro horiek ez dira derrigorrezkoak, baina bai oso gomendagarriak: demagun 20 metroko murgilaldi bat egiten dugula eta arrain baten atzetik denbora eman ostean, astiro-astiro jaitsitako metro horiek arnas faltagatik arin batean egiten ditugula ur azalera. Litekeena da sinkope bat pairatzea bertan.
Ura gogoko duzunez, udako oporraldiak tarteka kostaldean egiten dituzula pentsatzen dut. Ekipoa zurekin eramaten duzu hondartzara? Bai, hala da. Denbora dudanean praktikatzen dut eta Torreviejara noanean (Alakant) nirekin eraman ohi dut.
Alde handia dago Alakanten eta Euskal Herrian topa daitezken arrain espezien artean? Alakanten Mediterraneoa dugu, eta hemen Itsaso Atlantikoa. Mediterraneoan izan nintzen lehen aldian ia zazpi kiloko abixoi txiki bat topatu nuen (pejerrey edo penjova, erdaraz). Bizkaian, ostera, muxarrak (sargo), pintoak, karraspio atlantikoak (durdo), korrokoiak (muble), itsas aingirak (congrio) topa daitezke erraz. Sakonean, berriz, txelba hortzandiak (denton) erronka handiak dira urpekarientzat, 10-20 metroko jaitsierak egin behar direlako eta oso ondo ezkutatzen direlako eta itxaronaldi luzeak egin behar direlako. Lupiak ere (lubina) arrantzarako arrain oso preziatuak dira.
Aizu, eta ur azpiko arrantzaren munduan zein da eman behar duzun hurrengo pausoa? Espainiako Txapelketan bigarren postua eskuratu nuenez, lehen hiru sailkatuek Nazioarteko Munduko Openean parte hartzen dute azaroaren 14tik 20ra, Tenerifen berriro. Aurreikuspenei begira, ez dakit zer esan, 14 urte nituenetik gaur egun arte praktikatu izan dudalako urpekaritza, baina erabat horretara jarrita, 2022tik.
Uretatik errepidera edo, hobeto esanda, basoetara eta mendietara. Motorrek ere garrantzi handia dute zure bizitzan, ezta? Aitak motorra izan du gaztetatik, eta osabarekin zihoala istripu bat izan zuen.
Baita zera ere! Hala da. Motorren mundua bertan behera utzi zuen 30 urte inguru zituelarik. Txikia nintzela, auzotar baten mini moto bat ikusi zuen. Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut egun hura: amamaren etxeko errepidean bertan izan zen. Motor horretan eseri nintzenean erabaki nuen hura nire pasioa izango zela ere. Egun hartatik aurrera gurasoak zoratu nituen egunero, eta azkenean mini motorra erosi zidaten. Garai hartan Villarcayora (Burgos) joan ohi ginen, kart zirkuitura. Alboan motokrosa praktikatzeko zirkuitu bat zegoen eta lagun batek motorrarekin itzuli bat egiteko aukera ematen zidan. Itzuli bakarrarekin zeharo ‘berotzen’ nintzen eta hurrengo hilabeteak momentu hura gogoratzen ematen nituen.
Inoiz errepide zirkuitutan aritu zara? Ez, beti lur pistetan praktikatu dut kirol hau. Zortzi urterekin lehen motorra erosi zidaten. Triala praktikatzeko motorra zen. Lehen bi hilabeteetan etxe inguruan erabili nuen, Zaratamon. Ondoren mendian barrena sartu nuen.
Eta etxeko inguruetatik txapelketetara egin zenuen salto. Trialeko motorraren ostean, 15 urterekin, endurorako bigarren eskuko motorra erosi zidaten eta 2021ean nire lehen moto modernoa erosi zidaten eta lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen. Lehen Hard Enduro txapelketa Elgoibarren izan zen 2021ean.
Lehen lehiaketa ‘serioa’ izateko esperientzia ahaztezina izan behar zuen. “Honetan eman nahi dut bizitza” izan ziren nire hitzak esperientzia hura bizi ostean.
Eta hortik aurrera?
Urte berean zenbait txapelketatan hartu nuen parte. Aurtengo urtea berezia izan da, Bizkaia mailan txapelketa nagusi bi daudelako: Cros Country eta Endurokoa. Bakoitzak Bizkaia osoan antolatutako bost lasterketa dauzka.
Enduroa praktikatzeko Zaratamo aipatu duzu. Ba al dago eskualdean edo inguruetan kirol hau praktikatzeko bestelako lekurik?
Bai, noski! Etxeko ingurtean ematen dut denbora gehiena baina Zeberio, Zollo, Gordexola… bezalako lekuetara ere joan ohi naiz.
Mundu ezberdin bitan murgilduta zaude, beraz. Hala ere, oso diferentea da kirol biek duten aintzatespena, ezta?
Enduroaren munduan laguntza oso gutxi daude. Ur azpiko arrantzan ez bezala, motorraren munduan inbertsio garrantzitsuak egin behar dira: kirol hau modu profesionalean praktikatzen duten kirolariek moto, bota eta kasko aldaketa egiten dute urtero, eta ez hori bakarrik: ekipazioa bizpa hiru aldiz aldatu behar da, esaterako. Lasterketa batean parte hartzeak 50 eta 150 euro arteko kostua dakar eta lehiaketa batean parte hartzeko 170 euro inguru ordaindu behar dira gurpiletarako, kirol proba egingo den lekura joateak dakarren gastua alde batera utzi barik, noski. Adibide modura, Asturias edo Galizian egin beharreko lasterketa batek 700 euroko inbertsioa ekarri diezaioke kirolariari. Gainera, lasterketa horietan parte hartzearen truke ez dago saririk edo trofeorik. Ur azpiko arrantzaren mundua bestelakoa da: urte bi daramatzat kirol honetan eta parte hartu eta sailkatzeagatik telefono dei bat jasotzen duzu, Teneriferako bidaia baten gonbidapenarekin. Gastu guztiak ordainduta egon ohi dira.
Iturria geuria.eus