Basque Crossfit Txapelketak eskualdeko kirolariak eraman ditu Bilbora
Mikelen Delisiaus izeneko taldean Paula Oteok eta Andoni Martinez galdakoztarrek hartu dute aurtengo Basque Crossfit Txapelketan
Mikel Ipiña arrigorriagarrak Basque Crossfit txapelketaren bigarren edizioan parte hartu du eskualdeko atletez osatutako talde batekin. Iazko lehen edizioaren arrakasta ikusita, aurtengoa Miribillako Bilbao Arenan eta Bizkaiko Frontoian antolatu dute eta mundu osoko 1.000 atleta ekarri ditu Bizkaiko hiriburura.
Bertan parte hartzeko, Ipiñak Crossfiteko openetan parte hartu zuen eta Quarter Finalsetara (final laurdenak) igaro zen GEURIAko aurtengo monografikoan azaldu bezala. Honek esan nahi du arrigorriagarrak mundu mailako 250.000 parte hartzailetik lehen 15.000 kirolarien artean zegoela. Ondoren Semi Finals (finalerdiak) eta Crossfit Games deritzotenak daude, crossfiteko joko olinpikoak edo “crossfiteroen meka”. “Txapelketa honetan edonork parte hartu dezake”, azaldu du Ipiñak.
“Gure taldea txapelketa nagusirako sailkatu zen, eta marka onarekin gainera!”
Basque Crossfitean parte hartzeko izena eman behar du kirolariak eta antolakuntzakoek WOD edo Workout Of the Day izeneko ariketa zerrenda bat ematen diote txapelketa nagusian parte hartu ahal izateko. “Workout hori kirolariek egin eta bideoz modu argian grabatu behar dute data jakin batzuetan (txapelketa egin baino hilanbete batzuk lehenago), crossfit gimnasioetako boxetan. WOD bakoitzaren grabazioak Basque Crossfiteko webgunera igo behar dituzte, tranparik egin ez direla erakusteko”. Ipiñaren arabera, WOD hori egin ostean kirolari gutxik lortzen dute txapelketa ofizialerako sailkatzea. “Gure taldea txapelketa nagusirako sailkatu zen, eta marka onarekin gainera!”, aitortu du Ipiñak.
Txapelketa nagusietan hainbat maila bereiz daitezke: moldatutakoa (escalada, erdaraz), maila ertainekoa deritzona, RX eta Elite. Mikelek Delisiaus izeneko taldearekin eman zuen izena, maila ertainean. “Talde bakoitzean neska bat egon behar da nahi ta nahiez”. Mikelen taldeak 12. postua eskuratu zuen 37tik eta 98 punturekin: “Kontua izan behar da Basque Crossfit txapelketan parte hartzeko probaren ostean lortu genuela 12. postua”. Mikelen taldean Paula Oteok eta Andoni Martinez galdakoztarrek hartu dute parte eta baita Oreretako Gorka Platak ere.
Euskarazko crossfita, noiz?
Bilbon antolatutako proba honetan euskara gutxi entzun zela nabarmendu du Ipiñak: “Txapelketan hizkuntza bi erabili zituzten: gaztelera eta inglesa. Euskarazko hitz pare bat erabili zituzten agurrak egiteko”, izan dira bere hitzak. “Are gehiago, aurkezleak hobeto ahozkatzen zituen kanpotarren abizenak bertokoenak baino!”. Ipiñak aurkezlearen modu onak nabarmendu baditu ere, hurrengo urteetarako egin beharreko betebehar nagusia txapelketa euskarara zabaltzea dela azaldu du: “Euskadin barik, txapelketa Espainiako beste leku batean antolatu dutela ematen du”
Iturria geuria.eus