Aritz Guinea Paños: «Ekintzailetzan maila handia dago Euskal Herrian, bai berrikuntzak hemen sortzeko eta bai talentua erakartzeko»
Ginea ikasketaz ingeniaria den arren, kirolarekin lotura estua izan du beti, eta bi arloen baturatik dator sortu duten Wellk teknologia
Gaztea, ekintzailea eta WELLK enpresaren sortzaileetariko bat da Aritz Guinea galdakoztarra (1998). Helburu argi batekin ari dira lanean bai bera eta bai bere ikaskide izandakoak ere: kirola, ariketa fisikoa eta teknologia berriak uztartuko dituen tresna herritarren eta erakundeen esku jartzea, gizartean oro har, eta edadetuengan bereziki, bizimodu osasuntsua sustatzeko asmoz. Pasioz bizi dute egiten ari direna, eta horren erakusgarri da euren enpresak izan duen babes eta hazkunde azkarra. Ginea ikasketaz ingeniaria den arren, kirolarekin lotura estua izan du beti, eta bi arloen baturatik dator Wellk. Hasierak ez ziren errazak izan, pandemia betean hasi baitziren ideiari bueltak ematen, non eta Vienan, zer eta Erasmus betean. Itxialdiak, baina, on egin zien, denbora eta patxada izan baitzituzten orduan amets besterik ez zenari eta gaur egun errealitatea sendoa den proiektuari mila eta bat buelta emateko.
Zer da Wellk? Nondik sortu zen ideia? Nortzuk osatzen duzue taldea?
Wellk-ek jaiotzatik izan duen misioa honakoa izan da: jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsua sustatzeko teknologia berritzailea sortzea. Honela, 2020ko ideia hark bere garapena izan du, gaur egungo produktu bilakatu arte. Hiru produktu bereizten ditugu: Wellk App-a: Mugikorretarako doako aplikazioa da, jarduera fisikoa modu sozial eta dibertigarrian lantzea ahalbidetzen duena. Kirola egiteko planak sortu eta lagunak bilatzea, erronka eta ligetan parte hartzea edo egunerokotasunean jardueren kontrola mantentzea.
WellkSpace: Lurraldeak ulertzeko modu berritzailea ahalbidetzen du. Mugikortasunaren eta espazioen erabileraren inguruko galdera eta analisi desberdinei erantzuna ematea errazten du: Zeintzuk dira seguruak ez diren kaleak nire udalerrian? Zergatik 18:00tatik aurrera ez da kirolik egiten kale batzuetan? Zeintzuk dira gehien erabiltzen diren bideak? Egokiak dira? Etab.
MediFit: Jarduera fisikoaren preskripzio pertsonalizatua ahalbidetzen du. Pertsona bakoitzaren behar eta patologietara egokituz, jarduera plan pertsonalizatu egokiena diseinatzea ahalbidetzen du, profesionalen jarraipenarekin.
Wellk-ek denboran zehar eboluzio bat jasan du, baina hasieran ondorengo hausnarketatik sortu zen: “Zergatik ordaintzen dugu gimnasioagatik gero ez bagoaz”. Hortik, merkatu mota desberdinetan ahaleginak eginez, genituen ideietatik gaur egun denera iristea lortu dugu.
Wellk, hiru bazkidek osatzen dugu: Euken Ertzilak, Joseba Martinek eta nik neuk (Aritz Ginea). Unibertsitatean elkar ezagutu genuen, hirurak ingeniariak baina gradu desberdinetakoak. Hirurak kirolariak baita ere, bakoitza bere kirolean. Pixkanaka hasi ginen eta orain 5 gara taldean. Lehenengo bilera “ofiziala” Vienan egin genuen COVID-a hasi baino asteburu bat lehenago, Erasmusean geunden Europan zehar eta bertan biltzea erabaki genuen. Etxean egoteak genituen ideia guztiak lantzea ahalbidetu zigun.
Zein helburu dituzue?
Helburu nagusia gure teknologiaren bitartez gizartean inpaktu positiboa lortzea da. Horretarako erreferentziazkoak diren bezero eta kolaboratzaileekin lan egiteko aukera dugu, egunero gure tresnetatik igarotzen diren pertsonen kopurua handituz.
Honela, inpaktua handiagoa izateko, datozen hilabeteetan gure taldearen hazkuntza dugu helburu, bai bezero eta erabiltzaileetan hazteko eta bai merkatu berrietan hazi ahal izateko ere. Horretarako datozen hilabeteetan finantzazio erronda bat zabaltzeko asmoa dugu.
Zein da ariketa fisikoaren garrantzia egungo gizartean? Eta nagusiekin? Eta emakumeekin?
Jarduera fisikoa pilula batean sartu ahal izango bagenu, medikamenturik hoberena izango litzateke, gehien preskribatzen dena.
Ez osasunean zein patologia eta gaixotasunen prebentzioan duen eraginagatik bakarrik, baita duen inpaktu transbertsalagatik ere, euskararen sustapenerako, integrazio eta sozializaziorako, hazkuntza bezala, ikuspegi desberdinetatik ikusi daiteke, baina beti modu positiboan. Datu esanguratsu bat aipatzearren, jarduera fisikoan inbertitutako euro bakoitzak osasungintzako gastuetan 15€ aurreztuko lituzke.
Emakumeei bideratutako hainbat proiektu eta ekintzen parte gara. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeok Mugimenduan programan, mugikorrerako gure aplikazioa erabiltzen ari dira emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzeko, adibidez. Hala ere, proiektu oso interesgarri bat lantzen ari gara gure WellkSpace teknologiaren bitartez identifikatu dugun eta gizartean nabaria den arazo bati aurre egiteko ahalegina eginez: segurtasuna kaleetan.
Presentzia eta datuak ditugun udalerri eta hirietan bi gauza aipagarri ikusi ditugu: Emakumezkoek ez dituzte kale batzuk erabiltzen aire zabaleko jarduera fisikoa egiterakoan.
Emakumeen kasuan, zentrotik irteten diren bide/bidegorrietan jarduera fisikoa asko jaisten da 18:30tatik aurrera. Ondo argiztatuak daude? Seguruak dira? Egokiak dira? Zer egin dezakegu hori konpontzeko?
“Jarduera fisikoa pilula batean sartzerik balego, medikuek gehien errezetatuko luketen sendagaia litzateke, ezbairik gabe “
Non ari zarete orain lanean? Zein da zuen lan egiteko modua? Wellk eskuen artean hartuko banu zer aurkituko nuke?
Oraintxe administrazioarekin zein enpresa pribatuekin ari gara lanean. Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Eibarko Udala, Durangaldeko Mankomunitatea, Getxo Kirolak eta enpresa pribatuetan LKSrekin, esate baterako.
Lan egiteko bi modu ditugu: Alde batetik, gure teknologiaren lizentzien erosketaren bitartez. Produktu guztiak pertsonalizagarriak dira, bezeroaren beharretara. Bestetik, udalerri eta enpresa aktibo eta osasuntsuen programak sortuz eta dinamizatuz. Gure teknologiaz baliatuz, bezeroaren beharretara egokitzen diren programak sortu eta dinamizatzen ditugu (erronkak, planak, jarduera fisikoaren preskripzioa, prebentzioa…) Wellk aplikazioa eskuartean hartzen duen pertsona batek euskara eta gaztelaniaz dagoen app-a ezagutuko du, eta bertan sortzen diren planetara batu edo hauek sortzeko aukera izango du, horrela jarduera fisikorako jende berria ezagutuz.
Erronka eta liga desberdinak aldiro antolatzen dira sari desberdinak lortzeko aukera izanik. Gure inguruan ditugun kirola egiteko hainbat ibilbide, espazio eta aukera jarduera fisikoaren erregistroa hobekuntza pertsonalak aztertzeko. Strava, Fitbit, Apple Health eta Google Fit-ekin sinkronizatu daiteke.
Zeintzuk dira etorkizunera begira dituzuen erronkak?
Erronka nagusiak bi dira: erabiltzaile eta bezeroen hazkuntza eta taldearen hazkuntza eta sendotzea. Horretarako hurrengo hilabeteetan finantzazio erronda bati ekingo diogu.
Zelan ikusten duzue ekintzailetzaren egoera gaur egun?
Teknologiaren izugarrizko bilakaera azkarrak hainbat eta hainbat berrikuntza ekarri ditu oso epe laburrean eta hori, zati handi batean, ekintzailetzatik abiatutako proiektuek ekarri dute.
Honela, Euskal Herrira ekarrita, sendoa den eta hazkuntza prozesuan dagoen ekosistema ikusten dut. Enpresa berri asko, berrikuntza handiekin, eta garrantzitsuena, hemen, Euskal Herrian, bai berrikuntza hemen sortuz eta bai talentua hona erakarriz. Horretan eragin handia izaten ari dira administrazio publikoak, eskertzekoak dira urtero martxan jartzen diren proiektuak bultzatzeko, sorkuntzarako eta ikerketarako dauden programa ezberdinak.
Erabiltzaile moduan, zuen aplikazioa zabalduz gero, zer aurkituko dut?
WELLK aplikaziora sartzerakoan ondorengo funtzionalitateak aurkituko dituzu:
Kirol Planak edo “quedada”-k sortu edo beste erabiltzaileek sortzen dituztenetara batzeko aukera. Adibidez: “Arratsaldean paseoa Pagasarrira” planera batu naiteke, bertaratuko diren pertsonen profila ikusi eta hauekin hitz egiteko aukera izanik.
Kirol erronkak: Modu kolektiboan, taldeka edo indibidualki helburu zehatz batzuengatik lehiatzeko aukera izango dugu. Egiten dugun mugimendu orok balioa du eta horregatik, sari desberdinak zozketatzen ditugu. Adibidez, erronka kolektibo bat dugu orain martxan, parte-hartzaile guztien artean kilometroak pilatzea dugu helburu, sari desberdinak ezkutatzen dituzten maila desberdinak desblokeatuz. Kirol jardueren erregistroa bai aplikazioaren GPS-aren bitartez, gailu elektronikoen bitartez edo beste kirol aplikazio batzuen sinkronizazioa eginez.
Administrazio ezberdinekin ari zarete lanean, esleipen publikoetan… .erraza da gurpil horretan sartzea? Burokrazia handia dago?
Hasiera guztietan bezala, edozein negozio mota edo sektoretan denak gehiago kostatzen du. Gu oso pozik gaude egindako lan eta kolaborazioengatik. Elkarlanak bai Euskal Herri mailako administrazioekin bai administrazio internazionalekin lortuz. Administrazio publikoek gizartean izan dezaketen eragin positiboa itzela da, eta are gehiago guk lantzen dugun osasun eta jarduera fisikoaren arloan. Horregatik beti egongo gara prest instituzio publikoekin lanean jarraitzeko.
Baloratu duzue inteligentzia artifizialak zuen sektorean izan dezakeen eragina? Onerako izango dela uste duzu?
Kirola beti izan da garapen teknologikorako operazio-eremu bikaina. Garai bakoitzeko aurrerapen zientifiko eta tekniko asko kirolean aplikatu dira: kirolarien errendimenduan, parte-hartzaileen segurtasunean, ekipamenduen kalitatean, neurketen zehaztasunean edo ikusleen entretenimenduan. Kirola teknologiaz baliatzen da, hau estimulatu eta erronka berriei aurre egiten laguntzen baitio. Beste teknologia horiek bezala, Inteligentzia artifiziala gure garaiko aurrerapen zientifiko eta teknologikoaren emaitza da, eta aurretik izan ditugun hobekuntza guztiak bezala eragin positiboa izango du eta dagoeneko izaten ari da. Aukerak askotarikoak dira: kirolarien errendimendua aurreikustea, osasunaren gestioa, lesioen prebentzioa eta tratamendua, kirol baliabide eta tresnen diseinua. Hau da, milaka datu jasotze eta prozesatzearen ondorioz sortutako jakintzaren erabileraz baliatzea. Hori da garatzen ari garen teknologia desberdinek erabiltzen dutena, adituen ezagutza, erabiltzaileek emandako ezagutza eta milaka datu jaso eta aztertzea.
Teknologia berriekin lan egiten duzue, eta egun ohikoa da sareetan gomendioak, entrenamenduak etabar lantzen dituzten pertsonak aurkitzea. Zein da zure iritzia honen inguruan? Formazio edo ezagutzarik jaso ez duen mediku baten ebakuntza jasotzera ausartuko ez ginateken bezala, sareetan aurkitzen ditugun gomendioen iturria zein den ezagutzeko ere ahalegina egin beharko genuke, oinarri zientifikorik ez duen edozein moda, tendentzia edo gomendio ez jarraitzeko.