Arantxa Urretabizkaia: ‘Kirola eta poza’

Kirola eta poza

Igande goiza zen, bederatziak ia eta gure etxearen inguruko kaleak hutsik zeuden. Itsasorantz egin nuen, oinez eta bidea gurutzatzera nindoala, bizikleta batzuk ikusi nituen ezkerretik. Gelditu nintzen eta, nire harridurarako, haien atzetik beste batzuk zetozen eta atzetik oraindik beste txirrindu batzuk. Denak txirrindulariz jantziak, denak emakume gazteak, batzuk elkarrekin berriketan, algararen bat tarteka. Ez nituen zenbatu, baina dozenaka izango ziren, agian berrogeita hamar.

Bat-batean haiekin bat egiteko gogoa sumatu nuen eta azkena nire begi bistatik desagertu zenean atzetik poz eta kolorez betetako isatsa zintzilik utzi zutela iruditu zitzaidan. Gogoratu nuen nire eskola garaian ez genuela neskok inoiz soinketa edo antzekorik egin. Inoiz ez, ezagutu nituen bi eskoletan. Ez soinketa ez kirola. Mutilen kontua zen hori, salbuespen gutxirekin.

Orain eta aspalditxotik ez dago kirola sustatuko ez duen eskolarik, ezta neskentzat ere. Are gehiago, edertasunaren esparruan ere neska gehienek amesten dute gorputzean giharrak nabarituko zaizkiela, beso gihartsuak nahi dituzte. Ez gehiegi, ordea. Ikusi besterik ez dago zer nolako besoak edo sabelak dituzten edertasunaren eredu omen diren emakume gazteak.

Joan ziren bizikletak eta berriz ere bidea gurutzatzera nindoala, azken emakume txirrindulariz osatutako taldetxoari utzi behar izan nion bidea. Txaloka hasteko gogoa nabaritu nuen, gero esango dute atzera egiten ari garela, pentsatu nuen. Une horretan ikusi nuen nire aldamenean adineko emakume bat zegoela, hirurogeita hamar urte gutxienez iruditu zitzaidan, eta eskutik lotuta txakur eder bat zeramala. Emakume horiek ez zuten etxean lanik, esan zuen ahots gora, haserre, agian bizikletak desagertzeko zain egon behar izan zuelako. Nik poza ikusi nuen lekuan alferkeria ikusi zuen berak. Ai, ene.

Iturria: El Correo

Antzeko argitalpenak