Elisabeth Luengo: «Arku tiroan emakumeen maila klubetik harago eramatea da nire erronka»

Etxebarriko Arkulariak elkarteak ateak zabaldu dizkio herriari. Elisabeth Luengo Luque presidentearekin egin dugu berba kirol olinpiko honen bitxikerien inguruan

Urte hasierarekin batera, Arkulariak elkarteko kideekin izan gara, euren artean antolatutako lehiaketa ez-ofizialean. Helburua kide berriek eta betikoek elkar ezagutzea eta euren esperientziak partekatzea izan da, inmertsio ariketa modura. Bertan, Elisabeth Luengo Luque Arkulariak elkarteko presidentearekin egin dugu berba (Durango, 1992). 7 urte zituela hasi zen arku tiroketan Luengo, osabarekin batera, eta lehen momentuan jakin zuen kirol hark aztarna sakona utziko ziola. Hasi zenetik sari ugari irabazi ditu Bizkaian, Euskal Herrian eta baita estatu mailan ere. Gaur, 31 urterekin, Etxebarriko Arkulariak elkarteko presidentea dugu eta kirol honen inguruan egin dugu berba.

Zer egin zenuten joan den urtarrilaren 14an Etxebarriko kiroldegian? Elkarteko lehiaketa ez-ofiziala antolatu genuen urte hasieran. Neurketa horren helburua arku-tiroketan hasten diren kirolariak eta adituagoak diren horiek elkar ezagutu eta esperientziak elkarbanatzea da. Arkulariak elkartean maila lokalean, estatu mailan eta nazioartean izan diren kirolariak ditugu! Horregatik oso garrantzitsua da guretzat elkarteko kideek euren artean elkar ezagutzea eta elkartea bera zazpi haizetara zabaltzea. Elkartea 1998an sortu zen eta helburua arku-tiroketa mundu zabalean hedatzea dugu, xede zaila bada ere.

Zergatik da zaila? Inbertsio handia egin behar delako ekipamenduan. Oso kirol garestia da. Hala ere, arku-tiroketa gurean praktikatu nahi duenak ez du zertan oztopo hori izan behar, elkarteak utziko diolako behar duen materiala, hala nahi badu: arkua, geziak… kirolari berriak aurrerapausoak ematen dituen heinean, normalean, ekipamendu propioa erosi ohi du.

Arku tiroketaren jatorria ehizan dago eta gaur egun kirol olinpikoa dugu. Kirola bada ere, armekin lehiatzen zarete. Zer suposatzen du horrek guztiak? Egia da: arku tiroketan armak erabiltzen dira, baina nabarmendu behar da berez ez dela kirol arriskutsua. Are gehiago, kirol oso segurua da. Etxebarriko taldean gazte asko dago, umeak barne. Gainera, elkartean zalantzan jarri ezin daitezkeen segurtasun neurri zorrotz jakin batzuk dauzkagu. Arkua arma bat izango da beti eta berau erabili ahal izateko lizentzia bat eskuratu behar izango da. Arku-tiroketan eta teknologia esparruari begira, lehiaketarako arkuak eta geziak ez daude antzinakoak bezala prestatuta: ez daude ehiza egiteko pentsatuta.

Nolako tramiteak egin behar ditu pertsona batek arku-tiroketan aritu ahal izateko? Pertsona batek benetan zail dauka arku tiroketan bere kabuz ikasteko. Arkuak eta geziak saltzen dituzten kirol denda jakin batzuetan lizentziak banatzen dituzte, baina horiek arkua dendatik etxera garraiatzeko baino ez dute balio. Behin etxean, lursail handi bat badauka arkulariak ez du inolako problemarik izango praktikatu ahal izateko, lursail hori bere jabetzakoa den heinean. Arkua etxetik kanpo eraman nahi bada, monitore batek sinatutako lizentzia espezifiko bat izan behar du arkulariak, poliziarekin arazorik ez izateko. Hala ere, arku tiroketa ezin da edonon praktikatu. Murrizketa ugari daude. Bide hori jorratuko duen kirolariak Federazioak aginduko dizkion pausu guztiak jarraitu beharko ditu, hala nola, hastapeneko ikastaro jakin batzuk egin, baina normalean ikastaro horiek oso sinpleak izan ohi dira: mina ez hartzeko modukoak eta kito.

Baina bide hori ez da gomendagarriena. Nire ustez, kirolean murgildu nahi duenak gurea bezalako elkarte batean izena eman beharko luke. Gurean monitore bat izango du arkulari berriak eta barneratu beharreko kontzeptuak astiro-astiro jasoko ditu.

Nolako ibilbidea jorratzen du arkulari batek Arkulariak elkartean? Hasteko, bisoredun hastapen arku bat ematen zaio kide berriari eta lehen saioetan gainontzekoek baino distantzia txikiagoan botatzen dituzte geziak. Monitoreok klaseak ematen ditugu eta ikasle bakoitzaren trebetasunaren arabera, kontzeptu jakin batzuk barneratu eta perfekzionamendu saioak lantzen ditugu beraiekin. Ikasleak aurrera egin ahala, ekipazioa eta kirolari bakoitzaren helburuak aldatuz doa. Etxebarrin, esaterako, estatu mailan erakusten den KSL teknika lantzen dugu ikasleekin. Jatorria Koreatik AEBetara joan zen Lee ‘coach’ edo entrenatzailean dugu. Arkulariaken bere teknika modu zurrunean jarraitu eta irakasten saiatzen gara.

Nola bereizten dituzue mailak arku-tiroketan? Judoan gerrikoak erabiltzen diren bezala, hemen ‘gezi mailak’ erabiltzen ditugu. Maila bakoitzak helburu jakin batzuk ditu eta behin eskuratuta hurrengo gezi mailara salto egiten du arkulariak, eta beste helburu espezifiko batzuk lortu behar ditu. Horrela osatzen dugu arkulariaren garapena.

Berez modalitate asko daude arku-tiroketan. Gaur egun zazpi modalitate daude: Aire zabaleko dianaren gaineko arku-tiroa, aretoko arku-tiroa, landa-tiroa, distantzia luzeko arku-tiroa, arku-lasterketa, arku-eskia eta basoaren ibilbidea. Gu aire zabalean, aretoan eta landa tiroan aritzen gara. Euskadin eta estatu mailan ez dira lantzen distantzia luzeko arku-tiroa, arku lasterketa eta arku-eskia. Basoaren ibilbidea praktikatu egiten da, baina gu ez gara asko aritu modalitate horretan, egia esateko.

Eskualdeko zein lekutan eta zenbatean behin praktikatu daiteke hain berezia den kirol hau? Etxebarriko Barandiaran institutuan egiten ditugu entrenamendu saioak asteazken eta larunbatero. Egun triste bi baino ez dira. Horregatik, eta elkarte izanda, Bizkaiko beste leku batzuetan praktikatzeko aukera dugu, lurraldeko beste elkarteekin batera. Horrela, entrenamendu saioak handiagoak izan daitezke.

Entrenamenduak alde batera utzita, hainbat lekutan ibili zarete geziak botatzen. Leku guztietan ibili gara, egia esateko. Euskal Herri mailan presentzia handia dugu eta Arkulariak Euskal Herriko txapeldun izan da errekurbo diziplinan. Iaz txapeldun hirukoitzak izan ginen Euskal Herri mailan, Aire zabaleko dianaren gaineko arku-tiroan: mutil eta neska txapeldunak izan genituen, eta taldeak ere lehen postua eskuratu zuen. Bizkaia mailan ere hainbat txapelketa irabazi dugu. Estatu mailan ere ibilitakoak gara: ni neu landa-tiro modalitateko txapelduna izan nintzen 2020an eta txapeldunordea izan naiz behin baino gehiagotan.

Marka itzela! Nondik datorkizu arku-tiroketarekiko pasio hau? 7 urterekin hasi nintzen geziak botatzen, nire osaba hasi zenean. Probatu nuen eta gustua hartu nion. Horregatik izena eman nuen elkartean. Gaztetxoa izanik nahiko ezaguna izan nintzen Euskal Herri mailan. Estatu mailako txapelketetan ere parte hartu nuen, baina laster, ikasketak zirela eta, alde batera utzi behar izan nuen arku-tiroketa. Ikasketak burutu ostean berriro bueltatu nintzen eta harrezkeroztik Euskadiko eta Espainiako txapeldun bilakatu nintzen landa-tiroan. Hainbatetan txapeldunorde ere lotu naiz kategoria berberean, Euskadiko selekzioarekin Espainiako txapelketako aire zabaleko modalitatean txapelduna izan naiz talde mistoetan eta mundu mailan aritutakoa ere banaiz!

Umeez gainera, adin askotako kideak ikus daitezke gaur, eta benetan deigarria da emakumeen presentzia ia betidanik gizonezkoen mundua izan den kirol honetan. Benetan poztekoa da, hasieran oso neska gutxi zeudelako Arkulariak-en. Denborak aurrera egin ahala, gero eta emakume gehiago hasi ziren izena ematen eta gaur egungo egoera oso itxaropentsua da: elkarteko %40 emakumeak gara. Egia da Federazioan eta nesken arteko maila orokorrean lan gehiago egin behar dugula, askotan neskek klub mailan bukatzen dutelako beren ibilbidea. Horixe da aldatu behar duguna: emakumeen maila klubetik harago eramatea da nire erronka.

Aurten ere beste aldaketa nabarmen bai bizi izan duzu: elkarteko presidente izendatu zaituzte. Aurten presidentzia aldaketa izan du elkarteak. Batzorde berria eratu dugu eta hainbat aldaketa ekarri ditugu Etxebarriko taldera, teknika berriak ezarriko ditugu, txapelketa berrietan parte hartzeko aukera ahalbidetuko dugu, arku berriak erabili ahal izango ditugu helburu bakarrarekin: elkartea bera berriztea.

Iturria: geuria.eus

Antzeko argitalpenak