Basaurik ‘2024ko Kirolaren Europako Hiria’ izendapena jasoko du abenduan Europako Parlamentuan

‘2024ko Kirolaren Europako Hiria’ izendatu dute Basauri. ACES Europak, Bruselan egoitza duen irabazi-asmorik gabeko elkarteak, Europako Batzordeak onartua eta izendapen hori emateaz arduratzen denak, Basauriko Udalari jakinarazi dio udalerria Basauri Kirolaren Europako Hiria 2024koa izan dela. Abenduaren 7an jasoko du izendapena Basaurik Europako Parlamentuan, Bruselan.

Izendapenaren berri emateko gutunean, ACES Europako presidenteak zorionak eman dizkio alkateari, Basauri “osasun, integrazio, hezkuntza eta errespeturako tresna gisa guztiontzako kirolaren adibide ona delako, horiek baitira ACES Europaren helburu nagusiak”, eta gaineratu du, “kirol-politika eredugarria ere garatu duzue, instalazio, programa eta jarduera onekin”.

“Berri bikaina da Basaurirentzat eta errekonozimendua klubentzat, Basauriko oinarrizko kirolarentzat, udalerriko kirolari guztientzat eta Basauri Kirolentzat eta haien instalazioentzat”, azpimarratu du Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Basauriko Udalak joan den martxoan aurkeztu zuen hautagaitza eta iraileko azken astean ACES Europako Auzitegiko ordezkariek herria bisitatu zuten eta bertatik bertara ezagutu zituzten herriko kirol mugimendua eta instalazioak. Basaurik 48 kirol-klub ditu (horietako batzuk ehun urtekoak), 15.800 kirol-lizentzia, 1.250 haur eskola-kirolean, 2 kiroldegi, 35 kirol-instalazio, 11 kirol-gune aire zabalean, 7 parke bioosasungarri eta lau bidegorri.

“Basauriko kirol-instalazioek, edozein udalerritakoak bezala, beti behar dituzte hobekuntzak, erabilera handia dutelako. Horregatik, azken lau urteetan ahalegin ekonomikoa egin dugu, eta hiru milioi baino gehiago inbertitu ditugu handitzeko eta berritzeko. Batzuetan zaila egiten zaigu daukaguna baloratzea, baina izendapen honek gure instalazioen kalitatea ziurtatzen du”, dio Jon Zugazagoitia Basauriko Udaleko Kirol arloko zinegotziak.

Iturria geuria.eus

Antzeko argitalpenak